Probaleku

Hau irakurtzen ari bazarete, ibilbidearen amaierara iritsi zarete, beraz, zorionak!

Probalekuko arraste-harria naiz, zuen aurrean daukazuena. Urte asko daramatzat hemen. Orain, ikusten nauenak gehiago jakingo du gure historiaz, leku honetan idi-proba lehiaketak egiten ziren uneez, eta hortik datorkio Probaleku izena, probako lekua zelako.

Ezin konta ahala aldiz eraman naute idiek, horregatik dauzkat marka hauek nire azalean, hainbeste urradura eta zulo. Urteekin higatu egin nintzen, baina idiei ere asko kostatu zitzaien nigandik tiratzea eta beren indarra erakustea.

Ohorea da esatea gure inguruko probaleku berezienetako batean nagoela, zaharrenetakoa baita.

Gipuzkoan idi-probak debekatu zirenean, Ermuak, Bizkaia izateagatik, tradizio horri eutsi ahal izan zion, nahiz eta Gipuzkoatik gertu egon.

Gaur egun idiekin ez dira horrelako probak egiten, baina antzeko erronka bat daukat zuentzat!

Egin orekatuta dauden bi talde, bai indarrari dagokionez, bai kopuruari dagokionez. Talde bat idia izango da, eta bestea, berriz, arraste-harria. Ez zarete nirekin egiten zuten bezala lehiatuko, baina gure tradizioko ariketa bat egingo duzue, ziur ezagutzen duzuena eta gure kulturan bizirik dagoena: sokatira. Nork irabaziko du?

Jokuaren arauak

  1. Talde bakoitzeko kideen kopurua ikasgelako edo taldeko guztizko kopuruaren araberakoa izango da. Eskolak 20 ikasle baditu, 10eko bi talde izango dira; 30 badira, adibidez, lau talde egitea da egokiena. Ez da beharrezkoa talde bakoitzak ikasle kopuru bera izatea, orekatuta egotea bilatuko dugu. Lau talde izanez gero, lehiaketa bat egin liteke: bi talde kanporatuko dira eta irabazten dutenak finalean neurtuko dira.
  2. Sokak markatuta egon beharko du erdiko lerro batekin mugatzeko. Gehiago tiratzen duenak eta kontrako taldeak lerroa gainditzera bultzatzen duenak irabaziko du.
  3. Irakasle arduraduna epailea izango da.
  4. Talde bakoitzeko ilarako azken pertsonak soka gorputzaren inguruan jarri beharko du.
  5. Epaileak honako agindu hauek emango ditu (kontsultatutako iturria: Nafarroako Entziklopedia Handia)
    • Besoak aurrerantz luzatuz, jaso soka esango du
    • Lur edo belar gaineko tiraldietan, oraindik ezin izango da inolako markarik egin lurrean, epailearen bigarren agindua entzun arte: tenka soka, eskuak buru gainera altxatuz.
    • Sokaren erdiko marka lurzoruaren erdiko marrarekin bat datorrenean, epaileak eutsi agindua emango du, esku ahurrak erakutsiz.
    • Azkenik, eskuak azkar jaitsiz, epaileak tira esango du, eta une horretan hasiko da froga.