Erdikokale kalea
Erdikokale herriko kale nagusia zen, eta bertan egiten zen larunbatero azoka.
Goienkale eta Barrenkale kaleekin paraleloan, Erdi Aroan harresiaren barruan zegoen kale nagusia zen, eta orduan Artekale esaten zitzaion.
Behean Barrenkale (gaur egungo Baldespina Markesa kalea) eta goialdean Goienkale kaleak zituen.
Bertako eraikinak ez ziren oso altuak, bi-hiru pisutakoak, gehienez ere.
1794ko Konbentzio gerrako sutearen ondorioz, Erdikokale osteko etxe ilara erabat kiskalduta geratu zen eta, berreraiki beharrean, espazio berria sortu zen: hantxe egin ziren udaletxea, plaza, eskolak eta frontoia.
Ondoren, plazako gune berri horretara begira, Erdikokaleko etxeetako atzeko aldean balkoiak eta leiho berriak zabaldu ziren.
Eraikinik esanguratsuenen artean Santiago eliza, Kontzejuaren etxea eta, gaur egun desagertuta dagoen Sabon baserria edo Antonatxa ditugu.
