Familia-tailerren bilakaera
Familia-negozio asko etxebizitzen etxabeetan edo leku txikietan sortu ziren, eta horri esker, armak, burdina edo, oraintsuago, mekanizatuak bezalako sektoreetan lan egin ahal izan zuten. Tailerrek lotura estua dute Ermuko armagintzaren tradizioarekin eta sektore horretarako piezen ekoizpenarekin.
XX. mendeko armagintzaren krisiak zirkunstantzia konplexuak ekarri zituen, eta lantegiek beren ekoizpen industriala birbideratu zuten, makineria astunagoaren bidez eta behar berriekin, produktu berriak fabrikatzeko espazio eta azpiegitura handiagoak, esaterako. Bestalde, Gerra Zibiletik aurrera tailer askok ez zuten armak ekoizteko beharrezkoa zen baimena lortzen.
Urteak aurrera igaro ahala, fabrika batzuk desagertu egin ziren, eta beste batzuk beren ekoizpena birbideratu zuten: Precicontrol (ZYM), adibidez, automozioaren sektorean murgildu zen.
Enpresa batzuek ez zuten leku egokirik aurkitu beren jatorrizko herrietan finkatzeko, eta Ermuan kokapen ezin hobea aurkitu zuten beren ekoizpenarekin jarraitzeko. Horren adibide dira, besteak beste, Amaya Telleria (dekoletajea eta mekanizazioa), Elgetatik zetorrena, edo Idesa (estanpazioa) eta Microdeco (doitasunezko dekoletajea), Eibartik. Amaya Telleriaren eraikin handiaren ondoan, geroago Lomipower izena hartu zuen Lomiño enpresaren orubea zegoen, eta bertan makineria eta sarrailgintzarako eta burdindegietarako salgaiak egiten zituzten. 2019an, eraikina eraitsi egin zuten, etxebizitzak eta garajeak eraikitzeko.
