Udalbatza 22 milioi euroko Aurrekontu Orokorra eztabaidatzen ari da

03.02.06
Erakundea

Ermuko Udalbatza 2006ko urtealdirako Aurrekontu Orokorraren zirriborroaren inguruan eztabaidatzen dihardu azken asteotan. Gobernu Taldeak aurtengorako aurkeztu duen zirriborro horretan jasotako gastu eta diru-sarreren kopuruak 22 milioi euroak gainditzen ditu. Astelehenean, Kontu eta Ogasuneko batzorde informatibo bereziak eginiko azken bileran, aurrekontu orokorra otsaileko hilabete honetan bertan onartzeko lan-egutegia proposatu eta onartu zen. Egutegi horren arabera, datorren otsailaren 7ra arte aurkeztu ahal izango zaizkio zuzenketak idatziz aurrekontuaren zirriborroari. Aipatu batzorde hori otsailaren 13an berriz bilduko da, zuzenketarik aurkeztekotan horiek aztertu eta horien inguruan bozkatzeko. Bozketako emaitzei jarraiki, irizpena prestatu eta udalbatzari dei egingo zaio Osokoaren Bilkura bil dadin. Osokoaren bilkura hori aurreikusita dagoenez, ezohikoa izango da eta otsailaren 16an -ostegunean- egingo da.

Orain arte egindako bileretan, Carlos Totorika alkateak diru-kontuekin batera joan ohi den memoria banatu eta azaldu die udalbatza kideei. Agiri horretan jasotakoaren arabera, gobernu taldeak lau jomuga eta lan ildo nagusi ezarri ditu. La ildo horiek ondokoak dira, hain zuzen ere: ‘zerbitzu publikoak hobetzea’; ‘inbertsio eta exekuzioen erritmoa areagotzea’; ‘udalaren eskumena izanik, herritarrek eskatzen dituzten gaiei arreta handiagoz hartzea’ eta, azkenik, ‘bestelako erakundeekin batera udalerrian proiektu estrategikoak bultzatzea’.

Udalbatza buruaren esanetan 2006. urtea ‘bereziki atsegingarria izango da, herriaren garapen sozial eta ekonomikorako’. Agintariak bere idatzian erabatekoak izango diren bi gauza azpimarratzen ditu; saihesbidearen behin-betiko ibilbidea behingoz gauzatzea eta ‘proiektua gauzatzeko erabakiak ez duela atzera biderik izango’. Alkatearen iritziz, urteko bigarren mugarria ‘Tecnópolis’, izeneko proiektua da, ‘bertan hasteko 18 milioi euro inbertituko baitira, automobilgintzaren sektore laguntzaile diren gure enpresen lehiakortasunari eusteko’.

Inbertsioak: arrapala eta eskailera mekanikoak, Lobiano eta HAZ

Aurrekontuetan atal garrantzitsuenetako bat inbertsioak dira eta honetan ia lau milioi euro erabiliko dira. Proiektu bakoitzari esleitu zaion kopuruari jarraiki, hurrenkera ondokoa da. Hirigunearen eta auzo ezberdinen arteko lotura eta irisgarritasuna hobetzeko 2.442.833 euro gastatuko dira. Bi izango dira proiektu nagusiak, lehena osasun zentrora iristeko ibilbidea arinduko duena, Orbe Kardinalaren plazatik Iparragirre kaleraino arrapala eta eskailera mekanikoei esker. Bigarrenik, horrelako gailuak ere jarriko dira Zerukoa auzoan.

Diru kopuruari dagokionez, bigarren zenbatekorik handiena Lobiano jauregiaren inguruneko urbanizazio guztia da. Laster baten, kultur zentroa izango den hori kultur zerbitzu ugari eta eraikin historikoak biltzen dituen ingurune horretatik tira egingo du, guztiaz urbanistikoki berrordenatzeko. Bertan Zinema, Musika Eskola, liburutegia, Helduen Hezkuntza Iraunkorreko HHIko edo udal euskaltegia daude. Gunea hori egokitzeko 830.000 euro erabiliko dira. Hor sartuko dira altzariak, informatikako ekipoak eta egin beharreko obrak, ‘elkartrukatze sozial eta kulturalerako gune egokia izango dena, aisialdia eta kultura uztartu eta eskutik joan daitezen’.

Aurten helduko zaion beste erronka bat Hiritarrak Atenditzeko Zerbitzua HAZ izango da, hori zabaltzeko 317.000 euro gorde direlarik. Azkenik, inbertsioetan beste 270.000 euro gastatuko dira San Pelaio parkean eta Balerio plazatxoan bi egitura estali bi prestatzeko. Horrela, egiten duen eguraldia elementu baldintzatzailea izan gabe, pertsona nagusiek eta umeek urte osoan erabili ahal izango dituztenak.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko