Tratu onen alde

24.11.06
Berdintasuna

Ermuko hogeita bederatzi gizarte eragile elkartu egin dira tratu onen aldeko plataforma sortzeko. Ekimenak talde eta elkarte oso anitzak bildu ditu genero biolentziaren kontra lan egiteko, esaterako, hezkuntzakoak, nazioarteko kooperaziokoak, kirol, emakume, kultura, enplegu edo sindikalgintzako alorretakoak. Plataforma ‘topagune ireki bat izateko sortu da, emakumeenganako gizonen biolentziaren kontra gizarte zibil antolatua eta autonomo baten ikuspegitik hausnarketa egin eta Ermuko herriaren eremuan jarduteko’. Taldea bart arratsaldean aurkeztu zen, Emakumearen Topalekuan egindako ekitaldian. Taldeak generoen arteko biolentziaren arazoari aurre egin nahi dio ideia positiboetan oinarriturik, ‘pertsonen arteko tratu onak suspertuz’. Aurkezpeneko agirian jasotzen denez ‘hori horrela egiteak, ‘gutako bakoitza zoriontsuago egiteaz gain, berdintasunezko gizarte bat, justuagoa eta solidarioagoa sustatzen lagunduko du’.

Taldeko bozemaileek adierazi dutenez, ‘taldearen izenak berak laburbiltzen du arazo larri honi buruz dugun ikuspegia: TRATU ONEN ALDEKO PLATAFORMA’. Elkarteak Gizarte-sentsibilizazio eta salaketa lanak eta jarduerak egingo ditu, ‘herritar, erakunde sozial, politiko, sindikal, hedabide, instituzio publiko, pribatu eta abarren kontzientzia eta konpromisoa lortze aldera’. Taldearen ustez ‘emakumeenganako indarkeria diskriminazioaren eta emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren ondoriorik larriena da’, eta beraien iritziz, ‘jakin badakigu legeek, soil-soilik, ez dutela arazoa konponduko’. Gainera, taldeak azpimarratu zuenez ‘emakumeenganako gizonezkoen indarkeria ez da eremu pribatuko edo familiarteko arazo bat, baizik eta gizon-emakume guzti-guztioi dagokigun gizartearen gaitz publiko eta politikoa’. Horri konponbidea emateko ‘pertsona guztiok hartu beharreko konpromisoa da bidea’.

Ekimenaren jatorria orain urte bete atzera bilatu behar da, ‘Emakume ermuar bat hil zutenean, gertakari hark herritarren erantzuna, biktima eta beren familiekiko elkartasuna’ areagotu zuelarik. Plataforma aurkeztu berri da, bihar ospatuko den emakumeenganako biolentziaren aurkako nazioarteko egunaren testuinguruan. Taldeak Ermuko herritarrak Orbe plazan arratsaldeko 7etan kontzentratzeko deiarekin bat egin du eta, antolatzen diren gainerako ekitaldietan parte hartzera animatu.

Lotutako albisteak

Imagen
16.04.25
Eraiki ditzagun Ermuko jaiak berdintasunetik

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte
Imagen
14.04.25
Aste Santuko ordutegi bereziak Udal instalazioetan

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko
Imagen
19.03.25
Elkarrizketa eta errezital poetikoa, Arrazagatiko Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan