Liburuek ihes egingo liburutegitik hurrengo astelehenean

28.04.07
Udal Liburutegia

Udal liburutegiko 50 alek ihes egingo eta kalera irtengo dute hurrengo astelehenean, ‘Liburuen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere. Liburuok herriko kaleetan barrena banatu eta utziko dira, ermuarrok jaso eta etxera eraman ditzagun, hala nahi izanez gero behintzat. Irakurri ondoren, aleak kalera bueltatzearekin nahiko izango dute, gainerako herritarrek gauza bera egiteko aukera izan dezaten. Ekimena irakurtzaletasuna suspertzeko kanpainaren barne dago eta Liburuaren Nazioarteko Egunean txertatzen da. Liburuek pegatina bat eramango dute itsatsita eta bertan ondoko esaldia irakurri ahal izango dugu: Irakur nazazu eta ondoren aske utzi berriz’. Ekimenak bi helburu nagusi ditu; batetik, pertsonok beldurra gal diezaiogula liburuak etxera emateari eta, bestetik, liburuak eta liburutegi zerbitzua herritarrengana hurbiltzea. Hainbatek liburutegira eta liburuengana hurbiltzen ez dene, liburuak aterako dira horien bila.

Liburuen iraultza iritsi da gure herrira. Liburuak kokoteraino daude apal, gurditxo eta poltsetan egotearekin nork hartuko zain. Horregatik, kalera aterako dira, irakurleen bila, herriko hainbat toki eta etxe berri ezagutu ahal izateko. Liburutegiko lankideek adierazi digutenez ‘saiatu gara geratu zitezen konbentzitzen, agindu diegu ederki baino hobeto zainduko genituela, baina alferrik’, azpimarratu dute ‘beren patua kalean eta jende artean dagoela eta, behintzat, zerbitzura inoiz bueltatzeari ez diote uko egin, beraz konformatu beharko’. Liburuen bozeramaleak esan duenez ‘erabakia hartu aurretik buelta asko eman diote, baina jada ez dago atzera bueltarik’, astelehenean kaleratu eta jendea ezagutuko eta beren burua ezagutzera emango dute’.

Aldizkariek ere, antzerako zerbait erabaki, eta hemerotekaz gain beste leku batzuk ezagutzeko asmoa azaldu dute. Batek adierazi digunez, astelehenean merkatu-txikia antolatuko dute, bakoitzak jorratzen duen gai eta atalka salikatutakoa, nahi duen herritarrak hartu eta etxera eraman ditzan betirak. Merkatu-txiki hori datorren astelehenetik larunbatera bitartean egingo da, bazkideek nahi dituzten ale eta aldizkariak doahinik eskuratu ahal izango dituztelarik. Gai eta alor guztietako aldizkariak eskainiko dira, hala euskaraz nola gaztelerazkoak.

Helduentzako ipuin kontalaria

Astelehenekoa egun berezia izango denez, hainbat gauza prestatu ditu udal liburutegiak. Kandelen Argipean taldeko, Pedro Ruiz kideak, adinez nagusientzako ipuina kontatuko du, liburutegi irakurketa gelan bertan, arratsaldeko bost eta erdietan. Sarrera doakoa da eta antolatzaileek puntualtasuna eskatu dute.

Irakurlearen eguna ere, astelehenean

Hilero, 23. egunean liburutegiak irakurlearen jardunaldia ospatzen du, maileguak hartzen dituztenen artean zozketa eginez. Astelehenekoa egun berezia izanik, ospakizuna ere horrelakoa izango da: liburu bat ez ezik bi zozketatuko baitira eta, gainera, bi elastiko zoragarri ere bai.

Deskontuak herriko liburu-dendetan

Herriko Xiripot eta Maribel liburu-dendak ere bat egingo dute ‘Liburuaren Nazioarteko Egunarekin’ eta deskontuak egingo bezeroei. Horrela, %10eko deskontua iragarri dute, literaturako aleak erosi eta liburutegiko bazkide direla frogatzeko txartela erakusten dutenentzat.

Lotutako albisteak

Imagen
Ipuin kontaketa saioa antolatu du Liburutegiak
06.05.25
Denboraldiko azken "Arratsaldean Kontu Kontari" ipuin saioa

Larunbat honetan izango da, 17:30etik aurrera, Lobiano Kultur Gunean
Imagen
05.05.25
Adin guztietarako mahai-jokoen azken tailerra

Maiatzaren 15eko saiorako izen emateak zabalik daude. Saioa 17:30etik 19:30era egingo
Imagen
30.04.25
Udal liburutegiak ordutegia luzatuko du ikasturte amaierako azterketak direla-eta

Maiatzaren 3tik ekainaren 12ra ordu gehiago irekiko ditu egunero eta baita asteburuetan ere