Herriko ikastetxeek energiari buruzko lehen foroa gauzatu berri dute
Herriko zazpi ikastetxeetako 70 ikaslek eta 10 irakaslek energiari buruzko informazio eta ezagutzak konpartitzeko lehen foroa gauzatu zuten atzokoan, Eskola 21 Agenda proiektuaren barne. Foroa Lobiano Kultur Gunean eta bi ordutan gauzatu zen. Horretan, ikasleek beren ikastetxeetan nahiz udalerrian energia kontsumoa murrizteko egin daitezkeen gauzen eta jarrai daitezkeen estrategien inguruko hausnarketa egin zuten.
Eskola 21 Agenda proiektuak jasotzen duenez ikastetxeek aurtengo ikasturtean beren zentroan nahiz herrian energia kontsumitzeko modu eta ohiturei buruzko azterketa eta diagnostikoa egingo zutela jasotzen zuen. Diagnostikoarekin batera, ikastetxe parte hartzaileek foro bitan parte hartu eta gaia amankomunean landuko zutela aurreikusten zen. Ekimen honekin bat egin dute herriko lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe guztiek. Lehen bilera horretan aldez aurretik egindako landa lanaren berri eman diote elkarri.
Ikasleek taldeak eratu dituzte beren ikasketa mailaren arabera eta planteatu dizkioten galderei erantzun diete, horretarako post-it orrietan oinarritutako sistema erraz batez baliatu direlarik. Foroaren bigarren zatian kideek edo hirugarren pertsonek energia murrizte aldera egindako esperientzien berri eman diote elkarri.
Ekimen honetan, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara bitarteko ikasteek hartu dute parte. Esan bezala, herriko zazpi ikastetxeek dihardute ekimenean: Ongarai Eskola eta Institutua, Anaitasuna Ikastola eta Institutua, Eskolabarri, San Pelaio eta Sallabente, hain zuzen ere.
Lotutako albisteak

Ermuan intsektuaren arrautza oso gutxi aurkitu dira, baina lagundu egin behar dugu eta ez dugu ura pilatzen utzi behar

Informazio eta parte-hartze saioa astearte honetan, ekainak 10, izango da 18:30ean Lobiano Kultur Gunean

Debabarrenak etxera bidaliko ditu jaso ez diren txartelak