Astelehenean hasiko dira afari eta bakailao lehiaketarako izen-emateak hartzen

30.05.08
Gizartea

Lobiano elkartean urtero antolatzen dituen Gastronomi Jardunaldietako jarduera goren eta arrakastatsuenetako bat dastatze-menua da. Aurten afari nagusi hori Valladolidetik datorren Gabino Gonzalez Jimenezek prestatu eta eskainiko du bere taldearekin batera. Gonzalez ‘Gabino’ izeneko jatetxearen ugazaba eta sukaldaria da. Bere jatetxeak ospe handia du estatuan nahiz atzerrian, saria ugari jaso dituelako –2006ko Gourmet saria kasurako- eta Michelin, Campsa, Gourment, Viandar edo Vinos selección izeneko gidatan aipatzen dutelako. Egun Gaztela eta Leoneko sukaldari elkartearen presidentea da. Afari honetan parte hartzeko interes handia eta leku murritza egoten denez gero, antolatzaileek aldez aurretik izena ematea eskatzen dute. Afaria ekainaren 19an, ostegunean, eginen da Txalaparta elkartearen egoitza berrian.

Programa moldiztegian dago eta datozen egunetan banatuko da

Afari horretarako nahiz herriko sozietateen arteko bakailao txapelketan parte hartzeko izen emate epea astelehenean zabalduko da, Lobiano elkarteak iragarri duenez. Bakailao txapelketa ekainaren 21eko larunbatean ospatuko da, elikagaien azokaren barne. Txapelketarako olioa nahiz arraina antolatzaileek ipiniko dituzte. Horretarako, Elgoibarko Bakailao Alkorta eta Aceite 5 Valles etxeen babesa izango dutelarik. Txapelketako sozietate irabazlea bakarra izango da eta horri 300 euroko saria emango zaio. Parte hartzen duten guztiek, aldiz, Errioxako Covila upeltegia ezagutzeko txangora gonbidatuak izango dira.

Jarduera egitaraua prest eta inprimategian dago, datozen egunetan banatzea espero delarik. Egitarau horretan, besteak beste ondoko ekintzak jasotzen dira: txokolate dastatzea Tolosako Rafa Gorrotxategiren eskutik, Txakoli dastatzea, Talai-Berri etxeko Bixente Izagirre enologoarekin eta, nola ez, elikagaien azoka, non berrogei ardo eta produktu piloa dastatu ahal izango dugun. Azkenik, esan, aurtengo txistorra-jana Errotabarri eskubaloi taldeak egingo duela.

Lotutako albisteak

Imagen
19.01.26
Usaimenaren inguruko tailerra

Hamazortzi urtetik gorakoentzat da eta Lobianon egingo otsailean zehar
Imagen
19.01.26
Udalak herritarrei kontzentratzeko eta minutu bateko isiltasuna gordetzera deitu die

Eguerdiko 12etan, atzo Kordoban izandako tren-istripuan biktimak eta zaurituak izan zirenen oroimenez
Imagen
19.01.26
Negu eta udaberrirako Ipuin Kontaketa programa haurrentzat

Sei saio egingo dira; 3 ingelesez eta 3 euskaraz