Infreñu tabernaren -Deabrua- izeneko pintxoa onena izan da, ermuarren ustez
‘Infreñu’ tabernak aurkeztutako eta ‘Deabrua’ izeneko pintxoa izan da onena, herritarren ustez. Horrela ondorioztatzen da bukatu berri ditugun jardunaldi gastronomikoetan egindako herri inkestatik. Inkestari ia hirurehun pertsonek erantzun diote, horietatik 94 web gune korporatibo honen bidez bozkatu dutelarik eta gainerako 204ak, larunbatean plazan jarritako ontziaren bidez. Botatu duten gehiengoak, botoarekin batera egindako iruzkinetan inpresio oso onak adierazi dituzte, pintxoetan inoiz baino aukera zabalena eta guztien kalitatea ezaugarria izan baita.Botu eta babes gehiena lortu duen pintxoaren osagarriak ondoko hauek ziren: gazta tartarra, kipula melatua, bokeroi eta piper gorri marmeladaz estalitako pinazi eta oliba beltza ogian.
Bide elektronikoa eta internet erabilita botatu duten guztien artean sei ardo botila zozketatu dira eta saria Carol Hernández Mojón ermuarrarentzat izan da. Larunbatean eginiko feriak interesa eta ikusmin handia piztu zuen eta, bero eta sargoria egin zuen arren, giroa oso ona izan zen egun osoan zehar. Lobiano elkarteak azokaren inguruan balorazio positiboa egin du, azokara jende ugari hurbildu zelako eta bertaratutakoek produktuen inguruan interes handia agertu eta horien inguruan galdera asko egin zituztelako. Jarrera hori asko gustatzen zaie bertaratutako ekoizleei ‘jakinminaren eta interesaren bidez produktua bera ezagutzera ematen delako eta gero, norberaren gustuaren arabera, produktua kontsumitzera eta hori erostera’.
Soziedade gastronomikoen arteko bakailao lehiaketara bederatzi elkarte aurkeztu ziren eta txapela ‘Basarri’ko kideentzat izan zen. Epaimahaia Eibarko Eskarne Jatetxeko, Iosu Etxabe, Elias Uriarte sukaldariak (Mandiola) eta Etxremadurako postuko kide batek osatu zuten. Txistorra-jana herrikoiak ere jendetza bildu zuen eta herriko eskubaloi elkarteak antolatzen zuenez, gaztetxoen arteko partidak ikusi ahal izan ziren plazan bertan. Lobiano elkarte antolatzaileak eskerrak eman nahi dizkie azokan parte hartu duten guztiei eta, bereziki, horretan lagundu duten enpresa eta pertsonei.
Postua | Sozietatea | 1 epaimahaiaren puntuazioa | 2 epaimahaiaren puntuazioa | 3 epaimahaiaren puntuazioa | Guztira |
---|---|---|---|---|---|
1º | Baserri | 19 | 19 | 20 | 58 |
2º | Club taurino | 20 | 19 | 17 | 56 |
3º | La amistad | 16 | 18 | 20 | 54 |
Lotutako albisteak

Proiektuak oinezko eta txirrindularientzako eguneroko joan-etorriak erraztuko ditu eta inguruko herrien arteko lotura hobetuko du

Egitarauak gustu guztietarako hamabost bat jarduera eskaintzen ditu

Taldeek kontzertua emango gaur eta bihar, hurrenez hurren, San Pelaion, 23:00etan hasita