Gora auto-estimu hori gazteak!
Titulu iradokitzaile horrek barne biltzen ditu 2008-09 ikasturteko Guraso Eskolaren helburu eta asmoak. Aurtengo berrikuntza nagusiak hiru dira, batik bat. Lehenik, herrian ditugun Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek horretan parte hartuko dutela. Bigarrenik, aurtengoan sakonki jorratuko den gaia bat eta bakarra izango dela guztientzat, eta azkenik, aurtengo egitaraua prestatzen udal Gizarte-ekintza eta Euskara sailek elkarlanean jardun dutela, saio batean auto-estimuaz gain euskararen erabilera sustatzearen garrantzia hizpide izango baita. Guraso Eskola ikasturteko lehen hiruhilekoan gauzatuko da, urritik abendura bitartean.
Antolatzaileek jardueraren berri emateko xedez hiru orriko bat argitaratu dute. Horretan esaten denez helburua “seme-alabak neurri batzuen barne hezi eta horien auto-estimua sustatzea dira”. Argitalpenean irakurri dezakegunez, “guraso guztiak garena eta egin eta esaten ditugunak gure seme-alabengan islatzen ditugu, haiek edukiko duten kontzeptu eta erreferentziaren oinarri izanik bizitza guztirako”.
Jarduerari amaiera emango zaio abenduan, saio berezi batekin
Aurten modu sakonean jorratuko den gaia auto-estimua da, Haur eta Lehen Hezkuntzako zikloetako ikasleen gurasoekin. Guztira lau saio izango dira. Laugarrena, berezia izango da nolabait, begiraleak auto-estimuaren gaia eta gurasook euskararekiko ditugun mugez gain, seme-alabengan Euskara sustatzen saiatzeak duen garrantzia uztartuko baitu. Saio horretarako Iñaki Eizmendi aditua etorriko zaigu herrira.
DBHan ere gurasoentzako saio eta hitzaldian egingo dira. Gaiak zabalik daude eta gurasookin adostuko dira, haien iradokizun eta interesei egokitzeko . Maila eta talde hauentzat ere lau saio aurreikusita daude. Horien guztien berri, datozen asteetan emango dugu, zehaztu eta gero.
Azkenik, haur-eskolan seme-alabak dituzten gurasoentzat ere saioak antolatuko direla esan behar. Horiek hitzaldietan oinarrituko dira, aurreko urteetan egin bezala. Hilero hitzaldi bat prestatuko da, zaintzaileak eta gurasoak maiz proposatzen dituztenen gaien artetik bat aukeratuta. Hauen berri ere, aurrerago emango dugu, jakin ahala.
Lotutako albisteak

Haurren Kontseiluak aldarrikapen ibilaldia antolatu du datorren maiatzaren 7rako, asteazkena

Apirilaren 29an eta maiatzaren 7an egingo, arratsaldeko eta goizeko ordutegian, hurrenez hurren

Lerro bietan 9.000 euroko dirulaguntzak ematea aurreikusita dago