Sustapen sailak enpresen eta horien beharren inguruko prospekzioa gauzatu du

16.12.08
Ekonomi Sustapena

Udaleko Ekonomi Sustapen, Enplegu eta Trebakuntza sailak, Lanbiderekin lankidetzan jardunez, eskualdeko enpresen datuak eguneratu eta horiek dituzten langileen beharren inguruko prospekzioa egin berri du. Azterketa hori dela eta, Durangaldean dauden berrogeita lau enpresa bisitatu eta horiek adierazitako datu eta beharren inguruko informazioa bildu du. Informazioa sektore guztietan barrena bildu da, esaterako eraikuntzan, industrian, gizarte zerbitzuetan nahiz Enpresa Txiki eta Ertainetan. Landa-lan eta datu-eguneratze horretan ateratako ondorio nagusien artean, ondokoak dugu: gure zonaldeko enpresek ondo prestatutako langileak beren produkzio egituretara barneratzeko beharra dutela.

Eusko Jaurlaritzak 2007-2010 aldirako III. Enplegu Planean zehazten duenez, lan merkatuko prospekzioa oinarrizko tresna da errealitatearen eta horren joeraren inguruko informazioa izan ahal izateko; horrela egiteak ahalbidetzen baitu enplegu politikak doitu eta egokitu ahal izateak eta enplegu gune berriak non izan daitezkeen aurkitzea.

Enpresekiko harremanak horien beharrak ezagutzeko baliabide garrantzitsua dira eta udal alor honek ez ezik gainerako erakunde askok ere egiten dituzte aldiro aldiro. Nolanahi ere, oraingo honetan Eusko Jaurlaritzako Enplegu, Justizia eta Gizarte Segurantza sailak lan-merkatuko prospekzioa egiteko beharraren garrantziaz jakitun izan denez, jarduera honi bultzada bat eman nahi izan dio, datu-bilketen metodologiak eta sektoreak homogeneizatzeko xedez, EAEn jasotako erantzuna hainbatean ezberdina izan baita. Hori guztia, toki-garapena eta gure enpresen lehiakortasuna hobetze aldera eta, lurraldean enpleguarentzat eraginkorrak izan daitezkeen neurriak hartu ahal izateko.

Enpresek ondo prestatutako langileen beharra dute

Aipatu udal alorrak Durangaldeako berrogeita lau enpresa bisitatu ditu eta horien bidez jaso izan dituen iritzi orokorren artean azpimarratu ditzakegu ondoko hauek: batetik, enpresek beren egituretan txertatzeko ondo prestatutako langileen beharra dutela eta, bestetik, automobilgintzan bezeroak dituztenek kinka larrian daudela, ziurgabetasuna eta jardueraren murrizketa baita nagusi. Horietako hainbatek esan dutenez, une egokia da hau automobilgintzaren ekoizpenean erabiltzen den teknologia berritzeko, horren bidez, eskaria bizitu daitekeela uste baitute.

Prospekzioan bildutako datuetatik ondorioztatu daitekeenez, produktuak, prozesuak edo kudeaketa moduak berritzeko beharra dago, enpresa birbideratuz gero eta gehiago exijitzen duen eskaria ase ahal izateko. Une honetan zertxobait hobeto dauden enpresek espezializazioa, aniztasuna, eta berrikuntza lantzen jardun dutenak dira. Horiek denbora eta dirua inbertitu baitute sektore zehatz eta bakar baten menpekotasuna gainditzeko ahaleginez, inguru aldakor eta lehiakorrari neurri hartuaz. Langileak kontratatzeari dagokionez, ez dago esan beharrik unerik egokiena ez dela, baina horrela izanik ere, hainbat lan-eskaintza erregistratu dituzte.

Gauzatutako ekimena eta horren emaitzak oso positibotzat jo ditu alorrak, enpresekin etengabeko hartu-emana indartzen duelako eta, benetako datuak ezagutzeak ezinbestekoa delako erabaki estrategikoak hartzerakoan, hala udalerrian bertan nola haratago ere.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren