Ehun ikasle Deban izan dira kostaldearen egoera aztertzeko datuak biltzen
Herriko lau ikastetxetako ehun ikasle baino gehiago Debara joan dira trenez aurtengoan ere, kostaldean landa-lana egin ahal izateko. Txangoa ‘Azterkosta’ programaren aurtengo edizioaren barne txertatzen da eta kostaldeko ekosistema ezagutzeko ingurumen tailerren ekintzari amaiera emateko erabiltzen da. Sallabente Eskola, Ongarai Eskola, Eskolabarri eta San Pelaio ikastetxeetako LHko ikasleek gure kostaldeko ekosistema aztertzeko xedez Deban izan dira atzo goizean. Taldea trenez joan da eta bidai hori Ingurumen zinegotzigoak ordaindu du. Ermuak hasieratik parte hartzen du programa honetan eta aurtengoan hamazazpi garren edizio betetzen du.
Ingurumen tailerren bidez ikasleek aspektu teorikoak ezagutu eta barneratzen dituzte. Helburu berberarekin, Eusko Jaurlaritzaren izen bereko erakusketa ekarri izan zen gure herrira. Tailerrotan inkestako datuak nola bidlu eta bete errepasatu dute eta baita ere hainbat landare eta animali bereizten. Ondoren, ikasleek ikasitakotik praktikarako jauzia egiten dute atzokoa bezalako txango, irteera eta landa-lanaren bidez. Azaroaren 14an beste irteera bat egingo da, ostiraleko goiz horretan taldea berriz Debara trenez joango baita datuak jaso eta goiza hondartzan emateko xedez.
Coastwatch itsasbazterrari buruzko Europako Ingurumen Hezkuntza programaren Euskal Autonomia Erkidegorako egokitzapena da Azterkosta. Harrezkero, itsasbazterraren berezitasunak ezagutarazten, horrek dituen arazoak jakinarazten eta gizartea kostaldeko gune naturalak babesteko beharraz kontzientziatzen lagundu nahi duen tresna dugu Azterkosta.
Boluntarioen sareak kostaldeko animaliak, landareak eta uraren kutsadura indizeen datuak jasotzen dituzte
Asmoa kostaldearen ahalik eta zatirik handiena aztertzea da eta, horretarako, uda amaieran harremanak hasten dira hainbat kolektiborekin (ikastetxeak, aisialdiko elkarteak, elkarte, ekologista eta naturazaleak, udalak eta abar) programan parte har dezaten gonbidapena luzatzeko. Izen emate epea amaitu eta kolaboratzaileen sarea osatu ondoren, kanpaina nondik nora joango den azaltzeko hainbat bilera egiten dira eta bertan taldeei beharrezko materiala ematen zaie landa irteera egiteko: mapa, datuak biltzeko galdetegiak, uraren analisia egiteko materiala eta abar. Landa lan hori egiteko kosta 500 metroko zatitan banatzen da, eta horietako bakoitza talde bati ematen zaio, taldeak duen interesaren eta kostaldea ahalik eta gehien hartzeko dagoen beharraren arabera.
Landa irteera egitean talde parte-hartzaileek ingurunearekin harreman estua ezartzen dute, inguru hori zehatz-mehatz aztertzen dute eta 500 m-ko zati bakoitzeko galdetegi erraz bat betetzen dute. Galdetegi horretan beraiei emandako zatiaren honako datuak bilduko dira: ezaugarri orokorrak, bertan bizi diren izaki bizidunak, zati horrek dituen ingurumen arazoak...
Gainera, Azterkostak Euskal Herriko kostaldearen egoerari buruzko balorazio orokorra egiteko aukera ematen du, eta baita kostaldeko kudeaketa hobetzeko iritziak eta ideiak jasotzeko ere: arazoak antzeman, legearen aurkako ekintzak salatu edo kontserbatzeko interesgarriak diren eremuak proposatu. Orain artean egindako kanpainen ondorioz informazio kopuru handia bildu da. Informazio hori 1992. urtetik hona argitaratutako txostenetan azaltzen da.
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko