Udalak eta herriko Merkatari eta Ostalarien elkarteek lankidetza hitzarmena sinatu dute
Udalak eta Merkatari eta Ostalarien Elkarteak (EMOEk) eta Merkatu Plazakoak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmena herriko alkate Carlos Totorikak eta EMOEko presidente Loli Bellok sinatu dute. Azken orduko ezusteko bat tarteko, sinadura ekitaldian ezin izan da egon Merkatu Plazako elkartearen presidente Asier Bouzo. Udal honen eta elkarteen arabera elkarlanean jardutea behar-beharrezkoa da, herrian hainbat helburu eta xede lortzeko. Helburuen artean, ondorengo hauek zehaztu dituzte: PERCO ekimenaren babesean 2006an herriko merkatal egitura osatzeko ekimena jarraitu beharra, horri esker hirigunearen erdialdea asko hobetu baita. Bigarrenik, lehiakortasuna eta denda errentagarri eta kalitatezkoaren eskaintza areagotzea, hirian merkataritzaren jarduera, establezimenduen kudeaketa eta langileen kualifikazioa hobetzeko. Hirugarrenik, merkatal eta aisialdiko eskaintza erakargarria prestatzea, bezeroen sosak herritik kanpo joan ez daitezen. Eta, azkenik, alde biek gauzatzen dituzten jarduerak behar bezala koordinatzea, eraginkortasuna bermatzeaz gain, elkar indartu eta osatze aldera, egindakoari balioa eransteko.
Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia garatzen jarraitzeko xedez, alde biek konpromiso batzuk hartu eta horiek hainbat estipulazioetan jaso dituzte. Udalak hartu duen konpromisoa ondorengoa da: Zubiaurre kalea 5.eraikinetik 29ra bitartean egokitu eta berritzea, “merkataritza ardatza horretatik pertsonen ibilbidea erraztea eta pertsonen eta automobilen arteko bizikidetza sustatzea”.
Udalak aipatu espazioa eta Torrekua plazatxoa birmoldeatzeko aurreikusita du, aurten bertan. Proiektuaren arabera lurzoruaren hainbat zati –irregularrak eta matxuratuta daudenak- aldatu egingo dira, baita ere argiak, paperontziak eta jarlekuak, “gunea erakargarriagoa egiteko”.
PERCO delakoari atxikiz, Zubiaurre kalea 5. eraikinetik 29ra bitartean egokitu eta berrituko da
EMOEk, aldiz, herria eta merkataritza dinamizatzen jarraitzeko, kalitatezko eta establezimendu profesionalen sarea eskaintzeko konpromisoak hartu ditu. Testuan egiten edo egingo dituzten ia hogei jarduera zerrendatzen dituzte: azokak, opari txekeak, zozketak, gastronomia jardunaldiak, erakusleihoak apaintzea, poltsak, txartelak edo web-gune propioa prestatzea. Merkatu plazakoek urtean zehar jarduerak gauzatzen jarraitzeko konpromisoa agertu dute baita ere. Horien artean, ezagun ditugu, besteak beste, inauteriak, udaberriko eta udazkeneko dastatzeak, zozketak, eta abar. Horiez gain, elkarte biek elkarlanean herriko merkataritza ehuna edo sarea dinamizatzen eta sustatzen jarraitzeko prest agertzen dira.
Bosgarren estipulazioan promozionatzeko gauzatzen dituzten jarduerak neurtzeko adierazleak zehaztu dituzte. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismoko Sailburuak, 2010eko uztailaren 28an emandako Aginduan xedatutakoa betetze aldera. Aipatu agindu horrek hiri merkataritzan kooperazio eta dinamizazio estrategiak areagotzeko dauden laguntza-programa arautzen du. Azken puntuan, hitzarmenaren sinatzaileek koordinazio organoa eratzea adostu dute, egindakoa ebaluatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, neurri zuzentzaileak ezartzeko. Organoa hiru hilabetean behin bilduko da edo, ezohiko izaeraz aldeetako batek astebete aurretik hala eskatzen duenean.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek sentsibilizazio kanpaina hartuko dute datorren astean

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua