Herri garbiago baten alde!

19.11.10
Ingurumena

Datorren astean herritarroi zuzenduriko komunikazio kanpaina hasiko da. Kanpaina hori batez ere txakur eta animaliak dituztenei zuzenduko zaie. Kanpaina horren funtsa eta helburu behinena Animalien edukitza eta babesa arautzen duen Udal Ordenantza ezagutaraztea da. Kanpainan txakurraren gorozkiak derrigorrez jaso behar izanari eta animaliak kaletik eramateko bete beharreko baldintzen inguruan indar berezia egingo da. Kanpainarako bi orriko bat prestatu eta argitaratu da, zeina datozen egunotan etxeko gutunontzietara iritsiko zaigun. Horrez gain, txakurren jabe direnentzat Abiapuntu bulegoetan informazio espazio berezi bat prestatuko da. Bertara informazio edo Ordenantza eske joaten eta txakurraren kartila eramaten dutenek gorozkiak jasotzeko poltsen eramangarria jasoko dute opari moduan. Oparia bakarrik txakurren jabe direnei emango zaie.

Kanpaina hilabete batez luzatuko da eta denbora horretan heziketa emateko jarduerak gauzatu, sentiberatasuna lantzeko informazioa eman, eta animaliak kalean edo leku publikoetan egoteko baldintzen berri emango dituzten seinale berriak jarriko dira. Kanpaina amaitu eta gero, Udaltzaingoek ordenantza bete dadin jagoletza areagotuko dute, Ordenantza bete ez edo urratzen duenari bertan aurreikusitako zigorrak aplikatuz. Ordenantzak hiru urratze mota aurreikusi ditu: arinak, larriak eta oso larriak.

Kanpaina amaitu eta gero zigorrak ezarriko zaizkie arau urratzaileei

Arau urratze arinen artean ondokoak daude: animaliei tratu txarrak ematea, animaliak identifikatu gabe edukitzea edo lotu gabe eramatea. Arau larrien artean ondokoak aurreikusi dira: animalien gorputz-adarrak moztea, beren gorpuak kalean lagatzea, animaliei tratu txarrak ematea edo horiek erasotzea, animalien gorozkiak bildu eta zakarrontzira ez jasotzea, baimendu gabeko ikuskizunetan animaliak erabiltzea, aldez aurretik kosk egin izan duten txakurrek muturrekorik gabe ibiltzea kaletik. Horrez gain, arau urratze larria izango da bi urtetan zigorra jaso duten hiru arau arin metatzeak.

Azkenik, arau urratze oso larriak izango dira, animaliak pozoitzea, abandonatzea, galarazitako ikuskizunetan animaliak erabiltzea, baimendutakoetan aritzen diren animaliei drogak, anestesiak ematea. Horrez gain, bi urteren buruan arau larriengatik hiru zigor jaso izana, oso larritzat joko da.

Arau urratze arinak 30 eta 50 euro bitartean zigortuko dira. Aldiz, arau urratze larrien zigorrak 51 eurotik 100era bitartean izango dira. Eta oso larrien kasuetan, arau urratzaileak 101 eurotik 300era bitartean ordaindu beharko du.

2010eko lehen sei hilabetean Udalbatzak Animalien Edukitza eta Babesa Arautzen duen Udal Ordenantza onartu du. Ordenantzak bost titulu ditu eta horiek beste 65 artikuluren bidez garatzen dira. Horietan edozelako animaliak –konpainiakoak edo ez- edukitzearen inguruko aspektuak, animalien eta pertsonen arteko bizitza harmonizatuz eta osasun, ingurumen eta segurtasunerako izan daitezkeen arriskuak gutxituz. Horrez gain, animaliak jaso beharrezko gutxieneko atentzioak ere lantzen ditu, tratuan, higienean, elikaduran, babesean, garraioan, identifikazioan edo gizakiekiko elkarbizitzaren alorretan. Ordenantza izapidetzeaz Hirigintza diziplinako atala arduratuko da eta hori betetzeko arduraz Udaltzaingoaren laguntza izango du.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.24
Herriko ikastetxeek eta udalak, Debegesarekin batera, 2030 Agenda bultzatuko dute

Indarrak batuko dituzte Debabarreneko 2030 Eskola Agendari bultzada berria emateko
Imagen
13.05.24
Auzo-erkidegoetan ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazioari buruzko informazio-saioa

Hitzaldia astearte honetan izango da, 18:00etan, Debegesak Eibarren duen egoitzan
Imagen
22.03.24
Ermuak argiak itzaliko ditu bihar ordubetez, planeta zaintzearen alde

20:30etik 21:30era argirik gabe utziko ditu ilunean Orbe plaza, antzokia eta udaletxea