Arriolak eta Totorikak hitzarmena sinatu dute, Abeletxen 57 bizitoki eraikitzeko
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak, Iñaki Arriolak, eta Ermuko alkateak, Carlos Totorikak, lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, Abeletxeko sektore batean bizitokiak eraikitzeko. Sustapenean, 57 zuzkidura-bizitoki eraikiko dira (apartamentuak), aldi baterako errentako erregimenean. Lehentasunez, gazteei zuzenduta egongo dira, baina ez dira baztertuko beste behar batzuk. Obrak aurten bertan eta dagozkion lizitazio-izapideak egin ostean hastea aurrez ikusi da, eta horiek amaitzeko 24 hilabeteko epea kalkulatu da. Hala ere, hori guztia obrak egiteko deituko den lehiaketa publikoan zehaztuko da. Obren aurrekontua, guztira, 4,7 milioi eurotan kalkulatu da, proiektuaren kostua 369.000 € inguru izanik. Apartamentuetara joango direnek hilabeteko alokairuan hartu ahal izango dituzte, gehienez urte beterako. Alokairua beste urtebetez luzatu ahal izango da, gehienez jota, lau aldiz gehiagotan. Bizilagunek hilero errenta ordaindu beharko dute eta hori zenbat den kalkulatzeko beren diru-sarrerei erreparatuta zehaztuko da. Bizitoki horien esleipendunek 3000 -minimoa- eta 35.000 -gehienezkoa- euroko diru-sarrerak izan beharko dituzte. Diru-sarreren arabera, alokairuagatik 150eurotik 350 eurora arteko kuota ordinduko dute, kasuan kasu.
Hitzarmenean, besteak beste, konpromiso hauek jasotzen dira: Ermuko udalak doan eman eta lagako du Abeletxe sektoreko 6. zenbakiko partzela, 1.000 metro karratukoa. Hori horrela da, udalbatzako talde guztiek aho batez hartutako erabakiaren arabera. Erabaki hori abenduaren 22an egin zen osoko bilkuran hartu zen. Horrez gain, udalak %95erainoko hobaria aplikatuko du sustapen honen alde eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko udal-zergaren kuotan, obra hori interes berezikotzat edo udal-onurakotzat hartu delako. Gainera, hori justifikatzen duten gizarte-arrazoiak ere badaude.
Apartamentu bakoitzaren ezaugarriak: 42 m2 erabilgarri, gela 1, egongela, sukaldea, bainugela eta aparkaleku bana
Ermuko Udalak eraikuntza-proiektuak idazteko lizitazioa egin zuen, eta proiektu horiek idatzita eta prest zeuden. Eusko Jaurlaritzak sustapen honetan parte hartzeko izandako elkarrizketen ondorioz, erabaki da udalak, lursailekin batera, idatzitako proiektua ere ematea Eusko Jaurlaritzari, izapideak arintzeko eta baliabideak optimizatzeko. Eusko Jaurlaritzak proiektu horien kostua ordainduko dio udalari.
Etxebizitza Sailak ahalik eta arinen kontratatu eta egikarituko ditu 57 apartamentu horiek eraikitzeko lanak, idatzitako eta bere garaian ‘Proimersa’ udal-sozietate publikoak kontratatutako proiektuen arabera. Halaber, urbanizazio-obra osagarriak egingo ditu.
Proiektatutako eraikinak sestra gaineko 3.971 m2-ko azalera izango du, 1.000 m2 inguruko partzela oinarri izanik.
57 apartamentu eraikiko dira, eta apartamentu bakoitzak gela 1, egongela, sukaldea eta bainugela izango ditu. Batez besteko azalera 42 m2 erabilgarrikoa izango da apartamentu bakoitzeko. Apartamentu bakoitzarentzat aparkaleku-plaza bat izango duela aurreikusi da.
57 apartamentuetatik, 2 egokituta egongo dira elbarritasuna duten pertsonentzat. Eraikuntza-multzoak, apartamentuez gain, honako hauek izango ditu: erabilera anitzeko gela, garbitegia, bizikletak uzteko lokala eta hondakinak modu berezituan kudeatzeko gela.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da