‘Fatxaden kanpo aldetik isolamendu termikoko sistemak’ aztertuko dituen jardunaldi teknikoa antolatu du Debegesak

22.02.11
Hirigintza

Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, ‘Fatxaden kanpo aldetik isolamendu termikoko sistemak’ aztertuko dituen jardunaldi teknikoa antolatu du. Jardunaldia gremioei eta etxebizitzen errehabilitazio lanetan diharduten eskualdeko profesionalei zuzenduta dago. Helburua eraikita ditugun etxebizitza-eraikinetako fatxadak berritzeko lanetan isolamendu termikoaren erabilera sustatzea da. Jardunaldia Debegesaren egoitzan egingo da –Azitain industrialdean, 3 bis helbidean- martxoaren 4ko ostiralean. Saioa bi ordutan garatuko da, goizeko 10etatik eguerdiko 12etara bitartean. Izen-ematea doan da.

Hizlariak Eduardo Cainzos eta Luis de Velasco izango dira. Lehenengoa ANFAPAko (Mortero Industrialen fabrikatzaileen Elkarte Nazionaleko) produktuaren arduraduna da. Bigarrena, EVE Energiaren Euskal Erakundeko kidea, industri unitateko proiektu-burua, hain zuen ere. Cainzosek kanpo aldeko isolamendu termikoko sistemei buruz hitz egingo du: hizpide izanik abantaila teknikoak, osagaiak, erabilera eta fatxadaren elementu berezietarako konponbideak. Bertaratutakoei ANFAPAk argitaraturiko monografia bana emango die.

Velascok, bestetik, Isolamendu termikoaren bidez eraikinetako eraginkortasun energetikoa hobetzeko diru-laguntzen berri emango du. Baita bestelako diru-laguntzen gaineko informazioa ere, etxebizitzen errehabilitazioarekin zerikusia dutenak.

"Ostiralak Debegesan" ekimena", eskualdeko enpresei zuzendutako prestakuntza eskaintza zabala

Debegesak, Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, 2011. urtean ere "Ostiralak Debegesan" ekimena jarri du abian, Debabarrena eskualdeko enpresei zuzenduta jardunaldi aukera zabala eskainiz. Garai zail hauetan, eskualdeko enpresak laguntzea du helburu ekimenak, ikasten jarrai ahal izateko espazio komunak sortuz eta interes handiko gaiak landuz, hala nola, berrikuntza, lidergoa, kudeaketa, eraginkortasun komertziala, marketina... eta abar…beti ere, profesional bikainen eskutik.

Jardunaldi hauek Valora programaren baitan daude eta Europar Gizarte Fondoak %50ean finantzatuta daude, Euskadi 2007-2013 programa operatiboaren bitartez. Valora ekimenaren asmoa Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan kudeaketari eta lan antolamenduari buruzko sentsibilizazioa, zabalkundea eta aholkularitza garatzea da.

Lotutako albisteak

Imagen
06.03.26
Datorren astean tren geltokiko estalkia garbituko du ETSk

Lanak astelehen eta astearte gauean egingo dira, katenaria korronte elektrikorik gabe utzi behar delako
Imagen
05.03.26
Ongaraira doan igogailua zerbitzurik gabe bi egunez, mantentze eta konponketa lanetarako

Zerbitzuz kanpo egongo da, astelehen goizetik astearte arratsaldera arte
Imagen
02.03.26
Hirigintzak zabalik du Bide Berdearen proiektuari ekarpenak egiteko epea

Martxoaren 13ra arte ekarpenak@udalermua.net helbidera bidal daitezke