‘Vivir para cantarlo’, Víctor Manuelen kontzertu arrakastatsua Ermua
`Ermua Antzokia''ren irekiera dela-eta, programatutako lehen kontzertuak espero zena eman zuen. Víctor Manuelek ostiral gaua bete zuen, antzokiak duen kupula besteko distiratsu agertuz. Asturiarrak aretoa betetzen zuten ikus-entzuleak bereganatu zituen erraz asko, bertan jarraitzaile leial asko baitzegoen. Kantautoreak gustura zegoen Ermura lanera etortzearekin, istorio eta ezaugarri propioak dituen aretora, eta hori igarri egin zen bi ordu pasatxoko emanaldian. Ikus-entzuleek maite zutela adierazi eta errespetua agertu zioten eta, kantariak hustu arte guztia eman eta hurbileko ikuskizuna eskaini zien, konplizitate puntuak ere eginez hainbat momentutan. Víctor gurera ‘Pentación Espectáculos’ banatzailearen bidez etorri da eta horren buru den Jesus F. Cimarro aretoan bertan izan zen ostiral gauean. Kontzertuaren amaieran, ikus-entzuleek zutik jarrita eta txalo zaparrada luzeaz agurtu zuten kantaria. Victor Manuel jende artera jaitsi eta hurbildu zitzaizkionen zorionak jaso eta haiekin argazkiak atera zitezen lagundu zuen.
Bizitza erdi darama oholtzaren gainean eta igartzen zaio. Eskarmentu handia du, badaki zertan dabilen. Kantariak ‘Vivir para cantarlo’ ikuskizunean bere aurpegi intimo eta pertsonalena erakusten du. Bi ordu luzetan, bere ibilbide profesional eta bizitzari errepasoa eman zion abestien bitartez. Jarraitzaile sutsu eta leialenentzat kantatu zuen, belaunaldi berrietako entzule bereganatzeari muzin egin gabe.
Ikuskizun bitxia da, harrigarria nolabait. Oso eszenikoa, hitz egiten eta abestien nondik norakoak esplikatzen beste denbora kantatzen ematen baitu. Bakarkako hizketa bata ematen du, jarraian kantatuko duenari zentzu eta testuingurua emanez. Zenbaitetan, umore fin eta ironia puntua ere agertuz. Musikan egindako ibilbidea azaldu zuen eta patxadaz hitza eta abestien letra uztartuz. Oholtzan inoiz baino gehiago mugitu zen, bandarik gabe pianoa eta gitarraz lagundurik. Hori bai, ez zen izan nolanahiko laguntza, pianoan David San Jose semea baitzuen eta gitarra sentiberatasunez laztantzen, Ovidio Lopez. Biak zoragarri aritu ziren. Ostiralean ‘Asturias’, ‘La Madre’, ‘El Abuelo Víctor’, ‘A donde irán los besos’, ‘El club de la Mujeres Muertas’, ‘La Planta 14’, ‘Canción para Pilar’, ‘Donde caben dos’ eta beste hainbat abesti arrakastatsu eta ezagun entzun genituen. Oroitzapenen artean harrera berezia izan zuen “Soy España’ izen eta txantxetako pasodoblea, ironiaz eta kritikaz jositakoa.
Lotutako albisteak

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu