Ander Gayoso Reinak piztuko du Santiago jaiei hasiera emango dien suziria

23.07.11
Kultura eta Gazteria

Ander Gayoso Reina gazteak piztuko du 2011 Santixau jaiei hasiera emango dien suziria. Eibar Kirol Elkarteko jokalaria zazpiak baino zertxobait lehenago igoko da Orba Kardinalaren plazako kioskora herriko alkate Carlos Totorikarekin batera. Anderrek piztuko du aurtengoan ‘Santixauei’ ofizialki hasiera emango dien suziria. Txapligua bota ondoren ‘Gora Santixauak’ leloa oihukatuko eta ermuar nahiz kanpotar guztioi jai on batzuk izatea opatuko digu. Txapliguak eztanda egin ondoren plazan poza eta alaitasuna izango dira nagusi. Bertaratutakoek ‘Polola’ abestia dantzatuko dugu.

Ander Gayoso Reina aurrerantz erasora jotzen duen erdilaria da, aurtengo denboraldian Espainiako Txapelketa irabazi duen jokalarietako bat, 18 urte baino gazteagoen kategorian, Euskadiko selekzioaren elastikoarekin. Lezaman hezi eta hazitako jokalaria da, Athleticeko infantil eta jubenil kategorietan jokatu izan duena. Datorren denboraldian 2B mailan jokatuko du, Eibarrekin baitu fitxa.

Txapligu ofiziala botatakoan txaranga kideek joko dituzten bonboen eta turuten soinuei leku egingo zaie. Bihar arratsaldean botako den txapligu hori, jai egunetako bakarra izango da udalak ekidin nahi baitu jaiak eragotzi dezaketen bestelako elementurik. Horregatik, aurten txapligu bakarra botatzea eta egiteko hori piroteknia enpresa baten esku lagatzea erabaki du udalak. Enpresa horrek langile aditu bat ekarriko du zeregin horretarako, datorren asteazkenean ere, herrian izango baita su artifizialak jaurtitzeko.

Kalejira bitan banatuko da: aurrean busti nahi ez dutenak eta Pololaren atzeak inporta ez zaienak

Txupinazoaren ondoren txarangak aurkezteko ekitaldi eta kalejirari hasiera emango zaio herriko kaleetatik zehar. Kalejira hori ‘Irulitxa’ fanfarriak eta beren musikak girotuko dute. Azken edizioetako erabakiari jarraiki, busti nahi ez duten guztiek, aurrean joango dira. Kalejira bitan zatituko da. Busti nahi ez dutenek lehenengo aterako dira desfilean fanfarriaren atzetik. Segidan, bustitzea inporta ez zaien guztiak joango dira, Polola kopinaren atzetik.

Kalejiraren ibilbidea ondorengo hau izango da: Orbe Kardinalaren plaza, Valdespina Markesa, Goienkale, Zubiaurre, Sexto Centenario, merkatu plazatik eta San Pelaio kaletik, Mallabirako bidean dugun errotondara bitartean, Zeharkalea, Valdespina Markesa eta berriz ere plazara.

Gaueko 10:00etan hainbat kontzertu hasiko dira Valdespina Markesaren parkean. Parte hartuko duten taldeak honakoak dira:

  • Aiumeen Basoa (flok-black metal musika)
  • Legen Beltza (trash metal musika)
  • DJen festa (musika elektronikoa)

Gaueko hamaiketan, herriko plazan, lehenengo dantzaldiari emango zaio hasiera. Dantzaldia Esmeralda Orkestrak girotuko du.

Lotutako albisteak

Imagen
23.05.25
Lobianoko Erabilera erregelamenduari buruzko kontsulta publikoa zabalik da

Herritarrok ekarpenak egin ahal izango ditugu datorren ekainaren 10era arte
Imagen
22.05.25
'Txitxaun' taldeak '75 puñaladas' antzezlana aurkeztuko Antzokian

Ostiraleko 20:30etan, gazteleraz. Sarrerak 8 €uro balio du
Imagen
20.05.25
'La cita' eta 'La buena letra' asteko zine komertzialaren proposamenak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan