Sakona mendi hegala eusteko proiektuaren lanak aurrera doaz, aurreikusi bezala
Sakona mendi hegala eusteko proiektuaren lanak aurrera doaz, aurreikusitako helburu eta epeetan. Hori da atzo goizean obrari jarraipena egin eta koordinatzeko erakunde eta enpresa ezberdinetako kideek osatzen duten lan-taldeak atera zuen ondorio behinena. Atzokoan obraren nondik norakoak jarraitzeko bilera egin zuten proiektuaren egile eta zuzendari den Agustin Larrea geologoa, Eusko Jaurlaritzan Lur eta Hirigintza Zuzendaritzako lurralde Ordezkaritzako Agustin Abia, udal hirigintzako zuzendari David Henares eta Viconsa enpresako ingeniari Jose Angel Laguna ingeniaria, enpresa esleipendunaren teknikaria.
Taldean mahai gaineratu zenez, obrak aurreikusi bezala aurrera doaz modu egokian, ez baita inolako arazorik izan. Aurreikusitako kronograma betetzen ari da, lanak aurrera doazen heinean. Lanak ekainaren 13an hasi ziren, proiektua esleitu eta berehala, jada betetzear dagoelarik hirugarren hilabetea. Egindako lanak ondokoak dira, hondeatu modu ezegonkorrean zegoena; horma eutsi eta lotu; sare babeslea jarri eta hondakinak jaso –oraindik ere gehiago dago jasotzeke-. Zuzendaritzak obra azaroaren azkenerako edo abenduaren hasierarako amaitzea espero du. Lanak etengabe daude ekainetik, abuztuan ere ez baitira gelditu. Lan erdiak egin direla baloratzen da.
“Auzokideen kolaborazio eta konpresioa apartekoa da, benetan aintzat hartzekoa”
Udal hirigintzako zuzendariak bileraren ondoren adierazi zuenez Sakona auzoko eta inguruko bizilagunen kolaborazioa paregabea da eta aintzat hartzeko modukoa”. Gogoratu behar familia bat oraindik etxetik kanpo jarraitzen duela, ezbeharra gertatu zenez geroztik udalak Abeletxen duen etxebizitzan bizitzen egonik. Lehenengo pisuko familia hori segurtasunez bere etxetik kanpo dago, arriskua ekidin eta pisu handiko makineria lanean dagoen mendi-magala jaso bitartean.
Sakonako mendi hegala egonkortzeko lanek bost hilabete iraungo dute eta Viconsa enpresak egingo ditu 941.640 eurotan. Eusko Jaurlaritzak onartu eta esleitu duen proiektua honek mendi magal osoa barne hartuko du, jausitako hegalera mugatu beharrean soilik. Eusko Jaurlaritzako teknikariek lana Viconsa enpresari ematea proposatu zuten ondorengo irizpideak lehenetsiz: eskaintza ekonomikoa, lanak burutzeko epea eta auzokideei lanek sortuko dizkieten eragozpenak gutxitzen lagundu dezaketen jarduerak gauzatzea, esaterako hautsa eta zarata kontrolatzea, eta trafikoa kudeatzea
.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da