Bizikleta, gero eta erabiliago Ermuan
‘Bizikletaz Institutora’ ekimena bigarrenez gauzatu da Ermuan. Mugikortasunaren Europako Astearen baitan izan da eta iazko ikasturtearen barne ekainean gertatu bezala Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxillergoko ikastetxeetako ikasleek hartu dute parte.
Eskolarako Bide berezi honetan parte hartu duten ikastegiek Ongarai BHI, Anaitasuna BHI, San Pelayo ikastetxea eta Uni Ermua-Eibar izan dira. Ibilbidea ekaineko berbera izan da eta helburua baita ere: bizikleta gure herrian garraio bidea izan daitekeela agerian jartzea. Horregatik hain zuzen ere, ibilbide osoa bide publikotik egin da, txirrindulariek une oro Udaltzainen babesa izan dutelarik, ikasleen segurtasuna bermatze aldera.
Parte hartu duten ikastetxe guztien artean adostutakoari jarraiki, goizean ikastetxeetara sartzeko ordu eta ibilbidea indartu da Udaltzainen laguntzaz, ordu horretan herrian dugun trafiko handiagoa baita. Eta bestetik, eguerdiko edo irteerako ordutegian taldeko ibilbidea egitea sailagoa ikusten zelako ikasleek dituzten jarduera anitzengatik.
Egunik jendetsuena osteguna izan da, Uni Eibar-Ermua Institutuko Fisiko eta Kirol Jardueren zikloko ikasle eta irakasleek parte hartu zutelako, bizikletaz ez ezik patinak ere ekarri zituztelarik, herrian motordunak ez diren gailu gehiago agerian jarriz. Izan ere Mugikortasunaren Mundu Asteak duen helburuetako bat gure joan etorrietarako moduen eta horiek ingurumenean duten eraginaren gaineko hausnarketa egin dezagula da. Hots; kutsadura, espazioaren pilaketa, zarata, eta gurea bezalako herri txiki batean automobil pribatuen gehiegizko erabilera bezalako aspektuak kontutan hartuz.
Ibilbidea aurreikusi bezala eta ordutegian bete dute partaideek, aste guztian zehar. Ibilbideak garraio intermodala aurreikusi du –hori oso garrantzitsua delarik mugikortasunean- bizikleta eta garraio publiko bertikala uztartu baitira, Ongaraira igotzeko dauden arrapala mekanikoak erabili direlako. Honako aukerak arrakasta nabarmena lortu dute hainbat lekutan –Donostian esaterako- altu dauden auzoetara iristeko oso lagungarri direlako.
Laburbilduz, aurreko astean gauzatutako jarduerak oso positibotzat jotzen dira. Ikusi dugunez, bizikleta distantzia ertainetarako garraiobide oso egokia eta azkarra da, aintzat hartzeko modukoa eta oso komenigarria ingurumenari eta espazio publikoren erabilerari dagokionean.
Jarduerek agerian jarri dute baita ere oso garrantzitsua dela hainbat lekutatik elkarlanean jardutea, modu kooperatibo eta parte hartzailean.Ikasle, irakasle eta ikastetxeez gain, udaleko Ingurumen, Bulego Tekniko eta Udaltzaingoak parte hartzen baitute, aldi berean esku hartuz etengabe hobetu behar den atal batean: mugikortasunean, hain zuzen.
Institura bizikletaz ekimenaren bideoa
Gure eskerrik beroena adierazten diegu Uni Eibar-Ermua Institutuaren Fisiko eta Kirol Jardueren zikloko Joan Teclas eta Raúl Vallejo ikasleei(http://mueveteconlauni.blogspot.com.es), bideo hau ekoizten erabili ditugun hainbat irudi grabatu eta utzi izanagatik.
Elkarrizketa
Zerikusia duten albisteak
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko