Musikaldia 2012: Milanen grabatutako opera eta Lidia de Lorenzo ermuarraren dantza saioak
Aurtengo ''Musikaldia'' gaur hasiko da. Musikaldiak herritarren artean musika klasikoarekiko zaletasuna piztea du helburutzat, eta horrek dituen formatu eta estiloak ezagutaraztea. Hori horrela, programak ganbara musika eta kantua uztartzen ditu. Aurtengoan programak bere sustraietara bueltatuko da eta mundu zabalean arrakastatsu dabiltzan herriko talentu gazte bi dakarzkigu gure gozamenerako. Lidia De Lorenzo dantzaria eta Ainhoa Zuazua abeslari sopranoa dira. Programa gaur zabalduko da estreinakoz egingo den emanaldiarekin. Izan ere, Carmen opera saioa emango da, Milaneko Scala Antzokian grabatutakoa izan zena. Obrak lau ekitaldi ditu, frantsesez kantatua dago eta Milango Scala ospetsuan zuzenean grabaturiko errepresentazioa da. Interprete nagusiak Jonas Kaufman, Erwin Schrott eta Anita Rachvelishvili dira. Emankizuna gaur iluntzeko zortzi eta erdietan hasiko da, Antzokian. Sarrerak 8 euro balio du.
Sinopsia
Gezurrak, lizunkeria eta hilketa biltzen dira Bizetek 1875 urtean Parisen estreinatuko zuen entzute handiko lan honetan. Egilea 36 urterekin hil baino hilabete batzuk aurretik aurkeztutako obra honek ez zuen garai hartan arrakasta handirik lortuko, eta Bizet autorea Carmen lanak geroago izango zuen ospea ezagutu gabe hil zen, Opera Comiqué delakoaren obrarik adierazgarrienetako bihurtuko zena. 1820an Sevillan girotua, nortasun indartsuko emakume ijito eder baten -Anita Rachvelishvili- eta Joxe jauna, ezbeharrean hondoratuta amaituko duen esperientziarik gabeko soldaduaren - Jonas Kaufmann- arteko maitasun tragikoa kontatzen da. Scala Antzerkiko muntaketa hau Daniel Barenboim musikari eta zuzendari ospetsuaren zuzendaritzapean egin zen, Emma Dantek ausardiaz eszenaratuta.
Emanaldiak ia hiru ordu irauten duenez gero, etena egingo da eta atsedenaldian kopa bat cava aterako zaie ikusle-entzulei, herriko Arral 97 Banaketak eskainita.
Bihar, ‘De Norte a Sur’ ikuskizuna Lidia De Lorenzo ermuarrarekin
Biharko jai egunean Lidia De Lorenzo bailaoraren interpretazio, erritmo eta armoniaz gozatzeko aukera izanen dugu. Ermuarra bere jaioterrira datorkigu Verea de En medio taldearekin batera, ‘De Norte a Sur’ ikuskizuna aurkeztera. Taldeak gonbitea luzatzen die ikus-entzulei flamenkoaren adierazle adierazgarrienetatik ibilbidea egin dezaten. Perkusioa eta txaloek bat egiten dute arte honen indar guztia transmititzeko. Txalaparta, gitarra, alboka eta perkusioa uztartzen ditu Lidia De Lorenzok.
Bide batzuk itzuliak besterik ez dituzte ematen, eta ibili eta ibili egin arren beti itzultzen dira leku berera. Beste batzuk, berriz, ezezagunerantz daramatzate, baina azkenean galduta uzten gaituzte, non gauden ez dakigula. Lidia de Lorenzo dantzari ermuarrak bien arteko erdibidea aurkitu nahi du eta bide guztiek Erromara eraman gaitzaketela erakutsi. Horrela, aurreskua flamenko bihurtzen da. Andaluzia eta Euskadi fandangoan elkartzen dira.Txalapartak eta kitarrak, albokak eta perkusioak bat egiten dute Lidia de Lorenzorekin fusioaren bideetan haziak landatzeko. Iparra eta Hegoa eskutik doaz ibilbidea atseginago egiten duen uztartze sakon eta alaian. Ordu eta laurdeneko emankizuna da, eta sarrerak 8 euro balio du.
Datorren asteetan, Ainhoa Zuazuaren kantuaz eta pianoan Carlos Imazen laguntzaz gozatzeko aukera izango dugu. Programari amaiera emango dio, Bilbotik ‘Los Gavilanes’ zartzuela eskaintzera etorriko zaigun ‘Masa Coral del Ensanche’ talde bilbotarrak.
Lotutako albisteak
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean
Karteldegiaren erdian dira ‘The Mastermind' eta ‘Los domingos' estreinuak
Mar-Mar Teatrok taularatuko du larunbatean, arratsaldeko 5etan