Hauteskunde kolegioak zabalik daude eta ermuarrak hasi gara bozkatzen
Herriko hauteskunde-kolegioak zabalik daude eta ermuarrak bozkatzen hasi gara. Ermuan eraturiko hogeita sei hauteskunde-mahaiak lanean daude eta hautesleak jasotzen ari dira, nahiz eta oraindik bertaratutakoen kopurua txikia izan. Gaur igandea denez, betebehar edo zereginik izan ez duten askok ez dira bozkatzeko goiz altxatu. Nolanahi ere, betiko moduan goiztiar bakan batzuk izan dira ateak ireki eta berehala agertu direnak. Eguraldia ez dugu lagun, eta jai-egunean nagia ematen du goiz goibel honetan ohetik altzatzea. Dena den, oraindik hamar ordu ditugu bozka emateko. Esan bezala, Ermuan hauteskunde-kolegio diren egoitzak zabalik izanen dira iluntzeko zortziak arte.
Ermuan, 13.112 pertsonek bozkatu dezakegu gaurkoan, azken hauteskunde deialdian baino kopuru txikiagoa
Ermuan hamazortzi urtetik gorako 13.112 pertsonek bozkatu ahal izango dugu gaur, hautesle-erroldan jasotzen den datuaren arabera. Iazko azaroaren 20an egindako Hauteskunde Orokorretan bozkatu ahal izan genuenaren paretsu, orduko kopurua 13.160 baitzen. Ermuan guztira 16.289 biztanle genituen erroldaturik, aurtengo urtarrilaren 2ko datuen arabera.
Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean arduratzen ari dira herriko segurtasunaz
Hauteskunde-kolegio egoitza guztietan agenteak daude, pertsonen segurtasuna bermatzeko eta hauteskunde eguna normaltasunez gauzatzen dela ziurtatzeko. Dispositiboa Eusko Jaurlaritzako Barne sailak diseinatu eta koordinatu du. Gurean, dispositibo horren barne eta elkarlanean ari dira Ertzaintza (4 kolegio) eta Udaltzaingoa (2 egoitza).
Abiapuntu zabalik: hautesle-erroldaren eta kolegioen inguruko kontsultak atenditzeko
Hauteskunde egun guztietan, herritarrak herriko Hautesle-erroldan dauden edo ez eta bozkatzea non dagokien galdezka ibili ohi da. Horri konponbidea emateko, herritarren kontsultak Abiapuntun zuzenean jaso eta erantzungo dira gaurkoan. Inork kolegiora joan eta bozkatu ezin badu erroldan inskribatua ez egoteagatik, Abiapuntura jo dezake akatsa edo omisioa den argitzera.
Kontsulta egin eta erantzuna baiezkoa den kasuetan, hautesleari Berariazko Errolda Zertifikazioa luzatuko eta zein kolegio eta mahai dagokion adieraziko diote. Berariazko Errolda Zertifikazioa Hauteskunde-erroldan inskripzioa lortzeko ezohiko bidea ez ezik, hauteskunde-mahaiaren aurrean probatzeko medioa dela dio Hauteskunde Batzorde Zentralak behin eta berriz bere idatzi-agirietan.
Kontsulta horiek udaletxera bertara etorriz edo baita ere 943 17 91 42 telefono zenbakira deituz egin ahal izango dira. Kasu honetan lankideek deitzen duen pertsonari galdera pertsonal eta zehatzak egingo dizkiote deia egiten duena benetan dioen pertsona dela egiaztatze aldera. Abiapuntu bulegoaren ordutegia ondokoa da, goizez 9:00etatik14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Lotutako albisteak

Ostiralean Izarra Centren, 9: 30etatik 14:00etara gauzatuko den jardunaldian

Zure iritzia garrantzitsua da! Erantzun inkestari eta parte hartu saio irekietan

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena