Aktibatu +, ingurumen-iraunkortasunerako programa berria Bizkaian

25.01.13
Ingurumena

Eguneroko ekintza xumeen bidez planeta hobetzeko ekimena

Global Action Plan (GAP) honako helburu hau duen nazioarteko sare bateko kidea den GKE bat da: etxean, bulegoan eta ikastetxean ohiturak aldatuz gure eguneroko jardueren ingurumen-inpaktua gutxitzea. Nazio Batuek sustatutako eta UNESCOk babestutako erakunde hori 1990ean sortu zen eta gaur egun 23 herrialdetan dago. Ikasturte honetan Bizkaiak ekintza global horretan parte hartuko du Aktibatu + ekimenaren bidez.

Ingurumenaren arloko iraunkortasunaren alde herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak Aktibatu + ekimena jarri du abian, Garbiker Sozietate Publikoarekin, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarekin, Energiaren Euskal Erakundearekin eta Eroski taldearekin elkarlanean. Nazio Batuek sustatutako Global Action Plan – Ekintza Plan Globala (GAP) nazioarteko programaren barnean kokatzen den ekimena da. Programa horrek pertsonen ohiturak aldatzeko ideia errazak eta ekintza praktikoak proposatzen ditu, ikuspegi positibo batetik beti. “Empowerement” edo “ahalduntze” kontzeptua du oinarri, hau da, programan parte hartzen duten pertsonak ekiteko eta beren ohiturak aldatuz ingurumena hobetzeko gai sentitzen dira. Helburua baliabideak eraginkortasun handiagoz erabiltzea eta planetan duten eragin kaltegarria apaltzea da, etxeko eta tokiko ekonomia sustatzearekin batera.

Aktibatu + programak ekimenarekin bat egiten duten udalerrietako biztanleen, ikastetxeetako ikasleen eta familien parte-hartze aktiboa sustatzen du. Ikasleen gurasoak dira aitzindariak, eta gero parte-hartzea komunitate osora hedatzen da.

2012-2013ko lehen edizio honetan, Aktibatu + honako udalerri hauetan garatuko da: Amorebieta-Etxano, Debabarrena (Ermua eta Mallabia) eta Durangaldea (Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar). Hurrengo edizioetan, programa Bizkaiko Lurralde Historikoko eskualde guztietara hedatuz joango da.

Web orri espezifiko bat dago programan parte hartu nahi dutenentzat, honako gai hauek jorratzeko lanabes erraz eta eraginkorrez osatua: erosketak/hondakinak, ura, energia eta mugikortasuna. Programan parte hartzen duten udalerrien edo mankomunitateen web orrien bidez sartzen da web orri horretan, edo www.bizkaia21.net atariko Aktibatu + atalaren bidez.

Lortu nahi diren helburuak

Honako hauek dira Aktibatu + ekimenaren helburuak: parte hartzen duten ikastetxeetan energia kontsumoa % 5 gutxitzea, etxeetan energia eta ur kontsumoa % 5 murriztea, hondakinen gaikako bilketarako edukiontzien erabilera % 12 handitzea eta CO2 igorpenak % 7 gutxitzea.

Horrelako ekimenak oso onuragarriak dira ingurumenarentzat, Bizkaiarentzat eta planeta osoarentzat eta, gainera, familien aurrekontuak hobetzen dituzte. Etxeko gastuetan % 20ko aurrezpena lor daiteke, ingurumena eta bizi-kalitatea hobetzeaz gain.

Gainera, programa burutzen duten pertsonek 2013ko maiatzean zozkatuko diren sari ederrak irabazteko aukera izango dute: bizikleta elektrikoak, Orbea bizikletak, egonaldiak landetxeetan, liburu sortak, bisita gidatuak…

Hori guztia dela eta, Ermuatik ekimen honetan parte hartzera animatu nahi zaitugu. Gogoan izan aldaketa handiak jende arruntaren ekintza xumeen ondorioa izan direla beti.

Lotutako albisteak

Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da
Imagen
21.03.25
Itzali argia. Planeta defendatu

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara
Imagen
13.03.25
Edukiontzi marroia txartel berriarekin edo App aplikazio batekin bakarrik ireki ahal izango

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko