Ongaraiko arrapala mekanikoan nahita egindako matxura konpontzeak ia 4300 eurobalio du
Ongarai auzora igotzeko arrapala mekanikoen bigarren zatian mozteko tresna batez zatitutako eskudela asteazken eta ostegunean aldatuko da, konponketak ia 4300 euro (BEZ barne) kostatuko duelarik. Hori eman du gaur ezagutzera Udal Alor teknikoak mantenua egiten duen Thyssenkrupp Elevadores, SLU enpresatik materiala gaur arratsaldean iritsiko dela ziurtatu eta gero. Materiala iritsi bezain pronto, nahita eta fede txarrez moztutako elementua kendu eta berria ipiniko da.
Elementua aurreko asteko ostegunean izorratu zela uste da, otsailaren 21ean. Gertakizunaren berri eduki ondoren, arrapala gelditu eta zerbitzuz kanpo utzi behar izan zen mekanismo osoa matxuratu ez zedin. Arrapala gelditzeak, oro har, makina bat eragozpen sortu die ikasle eta ermuarroi eta, batez ere eta bereziki, Ongarai auzoan bizi diren lagunei. Mantenua egiten duen enpresari abisua eman zitzaion, teknikariak etorri ikusi, zerbitzuz kanpo laga eta kartela jarri zuten, egun horretan bertan zentralera ordezko eskudela eskatuz. Aipatu material hori gaur arratsean jasotzea espero dute Thyssenkrupp-ekoek, azken egunean izan dugun neguko eguraldi bortitzak eragozpen gehiagorik jartzen ez badu behintzat.
Thyssenkrupp enpresak bi eskudel eskatu ditu; ezkerrekoa eta zatiturik utzitako eskumakoa hain zuzen ere. Mekanismoa geldiri keta itzalita utzi behar izan dutenez gero, bia kaldatzeko erabaki hartu dute, prebentzio irizpideari jarraiki. Izan ere, eskudela mekanismoarekin bat bueltak ematen dituenez, igurtzi egin eta higadura edo desgastea jasaten baitu. Enpresak arrapala martxan izatea espero du, otsailak 28ko ostegunerako.
Azkenik, esan behar Alor Teknikoak Ongaraia igotzeko bidean ditugun kamarek grabatzen dituzten irudiak eskatu dituela, matxura nahita eragin duen pertsona edo pertsona taldea nor den argitzen saiatzeko. Errudunak identifikatuz gero, kalteak ordaindu beharko baitituzte.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da