San Pelayoko ikasleek sinadurak bildu dituzte herritarrak hirigunearen zaintzan inplikatzeko xedez
San Pelayo ikastetxeko Lehen Hezkuntzako ikasleek sinadurak bildu dituzte ermuarrok gure herria zaintzeko dugun premiaz kontzientziatu eta inplikatzeko asmoz. LHko 3. eta 4. mailakoek “ikasketa eta zerbitzu solidarioa” izeneko proiektua gauzatu dute. Taldeak herriko ajeen inguruko hausnarketa egin ondoren, zortzi neurri proposatu dituzte egoera irauli eta hobera egiteko. Proposamenak letrak eta marrazkiak uztartuz idatzi dituzte, hainbat kasutan errimak bilatuz deigarriago egin asmoz. Taldeak idatzia fotokopiatu eta herrian barne zabaldu du, atxikipenak eta sinadurak biltzeko. Hainbat lan ikusgai eta erakusketan izan dituzte herriko Eroski Center supermerkatuan eta bertan sinadurak biltzeaz gain, eskaria Udaletxera ere eraman dute, Abiapuntu bulegoan eskainiz. Gutxi balitz, ikastetxeko gainerako kide eta geletan zabaltzeaz gain, Hirigintza eta Herri Lanen zinegotziarekin eta zuzendariarekin ere bildu dira proposamenaren berri zuzena emateko.
Taldeak idatzi duenez “hirigunea ez dugu baldintzarik onenean”. Eta horren erantzuna da, gehitzen dutenez “herritarrok modu okerrean erabiltzen baititugu paperontziak, berdeguneak, eta abar…”. Horiek horrela, zibismo eta inplikazio eza sumatzen duten guztiei eskatzen dutenarekin bat egin eta idatzia sinatzeko eskatu dute.
Zortzi proposamenak ondorengoak dira:
- Nire txakurraz eta honek egindako kakaz arduratuko naiz.
- Txiklea mastekatzea gustuko dudanez, paperontzira botako dut.
- Poltsa, plastiko eta hondarrak paperontzira bota behar.
- Erre eta gero, zigarro-punta hautsontzira botako dut.
- Ezer iragarri nahi izanez gero, horretarako ditudan espazioak erabiliko ditut.
- Berdegune, loreontzi eta loreak oro har, errespetatuko ditut.
- Poltsa, beira, kartoi edo organikoa edukiontzien barne jarriko ditut.
- Nire gauzak ondo kontserbatzea gustuko dudanez, besteenarekin ere gauza bera egingo dut.
Taldeak Ermuko Eroski Center denda bisitatu du
Ikasle taldea orain egun batzu gure herriko Eroski Center denda bisitatu zuen. Ainhoa Arritaunaindia dendaburuak egin zien harrera, erakustaldia egin eta azalpenak eman. Arduradunak bertako jarduera dela-eta sortzen dituzten kartoi, plastiko eta hondakin organikoekin zer egin eta horiek nola birziklatzen dituzten azaldu zien. Baita semaforo nutrizionalaren inguruko azalpenak eman, kooperatiba jaki osaseuntsuen aldeko apustu sendoa egiten ari baita azken urteetan. Bisita amaitu aurreetik gosaritarako saltzen dituzten hainbat produktu banatu zizkien eta hainbat opari zozketatu umeen artean.
Lotutako albisteak

Parte hartu duten haurrek herritarrak kontzientziatzeko ibilaldi batekin amaitu dute aurtengo erronka

Haurren Kontseiluak aldarrikapen ibilaldia antolatu du datorren maiatzaren 7rako, asteazkena

Apirilaren 29an eta maiatzaren 7an egingo, arratsaldeko eta goizeko ordutegian, hurrenez hurren