Jaiak seguruago
Udala Santiago Apostoluaren omenezko herriko jaiak bermatzeko eginbehar guztiak amaitzen ari da, joan den igandean, uztailak 14, txarangen jolasekin hasitako eta datorren uztailaren 24an Aitor Hernándezek eta Iker Elustondoko jaurtiko duten txupinazoarekin unerik gorenera iritsiko direnak. Aitor Hernández EEBBetan izan den 2013 honetako ziklo-kroseko Espainiako txapelduna da eta Mundu Kopan ere parte hartu du espezialitate horretan. Iker Elustondo kantu-txapelduna da Euskal Kantu Txapelketako azken edizioko titulua bereganatu ondoren.
Bizikidetasunez dibertitzeko jaiak izango dira, une txarrak ahazteko eta bizitzari irribarre egiteko, horixe baita azken finean gure herriko jaien helburu nagusia, ospakizun eta jardueraz beteriko programazioa dugularik, Ermuan bizi garenon eta jai hauetan bertaratzen diren pertsona guztien gozamenerako
” dio Carlos Totorika alkateak
Herriko jaietan Udaltzaingoa arduratuko da bertan daudenen segurtasuna mantentzeaz. Aurreko urteetan legez, segurtasun neurri bereziak hartuko dira eta udaltzain guztiak txandaka arituko dira lanean, eguneko 24 orduetan, pertsona gehien bilduko diren toki eta ospakizunetan bereziki.
Jaietako esparruan sendotu egingo dira hiritarren segurtasunerako ohiko patruilak, gerta litezkeen delituak edo faltak prebenitzeko eta jazartzeko, eta behar balitz berehala jardun eta herritarren deiei lehenbailehen erantzuteko.
Uniformearekin jantzitako agenteez gain, kale-jantzidun agenteak ere ibiliko dira jai-esparruan, ingurua oinez eta ezkutuan zaintzen, karrera-lapurretak eta jaietako lasaitasuna eragotz dezaketen edozer gauza prebenitzeko.
Aurreko urteetan bezala, agenteen zeregina izango da halaber, legez kanpoko salmenta ibiltaria kontrolatzea, hots, udalaren baimenik gabe egiten dena, osasun-kontrolik gabeko orotariko produktu galkorrena barne. Bereziki horiexek zainduko ditu Udaltzaingoak, aurkitu bezain laster atzeman eta merkatutik erretiratuz.
Bide-segurtasunaren eremuan, zirkulazioa arautzeaz eta antolatzeaz gain, jaien programazioaren baitako proba eta ospakizunak egiteko behar diren bide-mugarritzeak eta mozketak egingo dira: su artifizialak direnean, txirrindularitza-proba, txarangen kalejirak eta desfileak…, horietan gertatzen diren zirkulazio-gorabeherei erantzuteko.
Arreta berezia behar du kontrol-eginkizunak sokamuturretan. Hasi baino ordu erdi lehenago berraztertu egin beharko dira zezen-plazako espazio osoko segurtasun-neurriak (hesiak solte dauden, zikinkeriarik dagoen…), edozein ustekabe saihesteko, eta mantentze- eta garbiketa-zerbitzuei abisatu beharko zaie, bigantxak askatu baino lehen inguru guztia behar bezala edukitzeko. Ildo horretatik gogorarazten dizuegu ezingo dutela sokamuturrean parte hartu 16 urte baino gazteagoak direnak. Gazteren batek asmo hori duela ikusi ezkero edo ez dela adin horretara iristen, ez zaio plazara sartzen utziko. Beti bezala, aurten ere su artifizialak -horietan biltzen den jendetzarengatik- jaietan Udaltzaingoak aurre egin beharreko erronka handienetako bat izango dira, bereziki zirkulazioaren eta segurtasunaren arloan.
Su artifizialak botako diren lekura, hau da, Betiondo inguruetara hurbildu nahi duten pertsonei denbora nahikoa aurretik joan daitezela gomendatzen zaie, azken orduko presarik ez izateko. Suak hobeto ikusteko lekuak Ongarai Eskolako eta Institutuko patioak dira, Betiondo kalearekin batera, izen bereko kirol instalazioen ondoan. Edonola ere, kontu handiz ibiltzeko eskatzen zaizue, bereziki ere ume txikiekin edo mugitzeko arazoak dituzten pertsonekin joaten bazarete.
Honakoarekin batera dago su artifizialak botako diren lekuaren eta babestutako esparru osoaren mugaketaren plano bat. Kontutan izan debekatuta dagoela zonalde horretan guztian sartzea, erretzeko arriskua edo txapliguen hondakinen batek jotzeagatik sor litezkeen beste arriskuak ekiditeko.
Patruila batek behin et aberriz kontrolatuko du ingurua, ibilgailuak 14:00etatik aurrera tokitik kentzeko seinaleak egiaztatuz, eta piroteknia enpresari lagunduko dio segurtasun-esparrua errespetatzen dela bermatzeko, suak jaurtiko diren inguruan inor baimenik gabe ez sartzeko eta babestutako esparrua berraztertzeko, jendea suak ikusteko lekuetarantz bideratuz.
Suak amaitzen direnean, seinale eta hesi guztiak jasoko dira, inguru guztia ibilgailuak Ongarai auzorantz zirkulatzeko libre utziz.
Gorabeheraren baten berri eman edo zerbait eskatu nahi izanez gero, interesdunak Udaltzaingoaren bulegoetara (Udaletxean kokatuak) joan beharko dira, jaietan irekita egongo baita egun osoa, edo Udaltzaingoaren 943 17 63 00 telefonora deitu.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan