Azaroa eskaintza zabal eta zine onaz datorkigu Ermua Antzokira
Ermua Antzokia azaroko zine programazioari bide emango dio aste honetan bertan. Aretoak zine komertzialeko hamar filma eta zineklubeko beste 4 proposatzen dizkigu. Hori horrela, hileko bonoak 14 eurotako prezioa du. Ohikoa denez bonoa jada salgai dugu eta hori Lobianon edo takilan bertan eskuratu daiteke. Bonoarekin helduentzako zine komertzialaren eta zineklubaren emanaldietara joan gaitezke, hau da euro 1en truke edo kostuan. Salbuespena dira 3 dimentsiotako emanaldiak, horietan beste 2 €uroko gainkargua ordaindu behar baitugu. Eta, azkenik, haurrentzako saioetan beste bost titulu proiektatuko dira.
Zineklubeko saioetan azaroan lau filma eskainiko ditugu. Laburbilduz, zer ikusi eta zertaz gozatu izango dugu azaroan, puntako titulu, dokumental eta euskarazko filmak izango baititugu aukeran. Eskaintza zatika kontatuko dizuegu ohi dugun eskemari jarraituz, hori bai asteko programazio bakoitza hasi baino lehen inork interesekorik galdu ez dezan. Baina has gaitezen, bi hilabete hartzen duen honakoarekin.
Asteroko legez, programazioa zineklubarekin hasiko dugu. Aste honetan Sebastián lelio zuzendariaren Gloria filma txiletarra ikusi ahal izango dugu. Zintak filma proiektu onenaren saria jaso zuen 2012ko Zinemaldi gipuzkoarrean. Eta Paulina Garcia antzezle protagonistak Zilarrezko Hartza saria eskuratu zuen Berlinen aurten egindako zine jaialdian. Gloriak 58 urte ditu eta bakarrik dago bizitzan. Hutsunea betetzen saiatzeko amodioaren bila ibiltzen da ezkondu gabeko helduen jaietan. Tragikomedia dibertigarria da, harrigarria eta ausarta, ezbairik gabe inor epel utziko ez duen horietakoa. Gloria iluntzeko zortzi eta erdietatik aurrera pasatuko dugu.
Zine komertzialaren txanda azaroaren 2ko larunbatean hasiko da, Lucía Puenzo ‘El médico alemán’ titulukoaren lehen emanaldiarekin. Thriller dramatiko honen protagonista Alex Brendemuhl da eta bertan Joseph Mengele mediku nazia Europatik ihes egineta Argentinako Patagonian ezkutatuta egon daitekeenaren susmoa jorratzen da. Filma larri eta aztoragarria da, kontakizun konplexua da, zuzeneko intrigaz jositakoa eta eraginkorra, azpimarragarri izanik Menegeleren papera egiten duen Alex Brendemuhl aktore kataluniarraren lana. El médico alemán larunbat arratseko zazpi eta erdietan, igande gaueko hamarretan eta astelehen iluntzako zortzi eta erdietan proiektatuko dugu.
Asteburuko bigarren proposamena Paul Greengrassek zuzendu eta Tom Hanks protagonizatzen duen Capitán Phillips da. Espainian proiektatzen hasi zen astean bertan filmak takilan gehien bildutakoen zerrendaren bigarren postuan sailkatu da Gravity eta El Mayordomo tituluen aurretik kokatuaz. Oso gutxigatik ez du lehen postua lortu, haurrentzako Turbo 3D filma tituluaren atzetik geratu baita. 2009an karga-itsasontzi amerikarra bahitu egiten dute Somaliako uretan eta kostaldean. Azken berrehun urteetan bahitutako EEBBtako lehen itsasontzia izanik. Nazioarteko nahiz estatu barneko kritikak oso ondo hartu dute, suspense eta larritasun benetan eraginkorra duelako. Erritmo azkarrekoa da, zirraragarri eta fidagarria. Capitán Phillis intrigazko filma on batek eskaini behar duen erretratua emango digu. Filma hau larunbat gaueko 10etan eta igande arratseko zazpi eta erdietan ikusi ahal izango dugu.
Haurrentzako emanaldiari dagokionez, igande arratseko 5etan, Justin y la espada del valor 3D filma proiektatuko dugu. Teknikoki oso ondo egindakoa da, etxeko gazteenentzat aproposa den ikuskizuna.
Argibide gehiegorako ikus Ermua Antzokiaren Mikrositea.
Lotutako albisteak

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu