Alkoholaren kontrol kanpaina areagotu egingo du Ertzaintzak Santixau jaietan

21.07.14
Hiritarren Segurtasuna

Alkohola edateak ibilgailu bat gidatzeko sortzen dituen ondorio txarren kontzientzia areagotzeko, Ertzaintzak alkoholemia kontrolatzeko kanpaina berezi bat burutuko du Ermuko Santixau-jai hauetan, herria zeharkatzen duten ibilgailuen gidariei zuzendutakoa. Kanpaina honen helburua honakoa da: hiriko zirkulazioan parte hartzen duten pertsonak konturatzea baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagorekin gidatzeak zer nolako arriskua suposatzen duen, batez ere ibilgailua gidatzeko beharrezkoak diren arreta, kontrola, koordinazioa eta distantzien kalkuluari dagokienean.

Ermuko Udaltzaingoa ere Ertzaintzarekin batera arituko da lanean bide-segurtasunerako kanpaina eta eginkizun honetan.

Iaz kanpaina estreinakoz egin zen eta balorazioa oso positiboa izan zen, jai gauen ondoen bisitariek beren jatorrizko lekuetara trenez eta autobusez bueltatzen baitziren eta kotxez egiten zutenak -kontroletik pasa eta gelditutakoak behintzat- gidatzeko baldintza onetan, egoki eta edan gabe egin baitzuten. Hori horrela, aurten ere jai sanoaren aldeko ideiaren beharraz azpimarratu nahi dugu, kotxea eta abaiadura azkarra, ekidinez. Hortaz, aurtengoan ere, esperientzia errepikatu egingo da.

Zer da alkoholemia?

Alkoholemia alkohola edan ondoren odolean dagoen alkohol kantitatea da, eta, noski, edandako alkohol kantitatearen araberakoa da.

Alkoholemia igotzen den bitartean gertatzen da alkohol-intoxikazio aldia. Alkohola gibelean oxidatzen hasten denean hasten da desintoxikazioa, baina alkohola hartzen jarraitu ezkero, oxidazioaren abiadura etengabea baita, alkoholemiak gora egiten jarraituko du, alkohol-intoxikazio akutua sor daitekeelarik. Behin edateari utzitakoan hainbat ordu behar dira alkoholemia zerora jaisteko.

Alkohol-tasa gehienezkoak

Orokorrean, gidatzeko gehienez baimendutako alkohol-tasa honakoa da: 0,5 gr/litroko odolean edo 0,25 mg/litroko botatako arnasan.

Profesionaltzat hartzen dira salgaiak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuen gidariak, baimendutako gehieneko masa 3.500 kg baino gehiagokoa denean, 9 plaza baino gehiagoko bidaiariak eramateko ibilgailuen gidariak, zerbitzu publiko, eskolako edo adingabeko bidaiarien ibilgailuenak, salgai arriskutsuak eramaten dituztenak, larrialdietako zerbitzuak eta garraio bereziak.

Gidari hasiberria izango da edozein gidari ibilgailua eraman ahal izateko baimena edo lizentzia lortu eta ondorengo bi urteetan.

Baliokideak dira odolaren analisiaren bitartez edo botatako airearen bitartez lortutako tasak, dagoen ezberdintasun bakarra lagina hartzeko modua da.

Alkoholaren efektuak

Frogatuta dago alkohola edateak, etil-kontzentrazio txikietan izan arren, murriztu egiten duela gidatzeko ahalmena, arreta, ikusmena eta entzumena gutxiagotuz, pertzepzio-gaitasunak nahasiz, eta nekea, logura eta muskuluen akidura sorraraziz. Ondorioz, istripua izateko arriskua handiagoa da.

Pertsona guztiek ez dute berdin jasaten alkoholaren kontsumoa, baina argi dago alkoholak, gehiago edo gutxiago, jende guztiari eragiten diola. Uste okerra izan arren, gidari batzuek pentsatzen dute, erresistentzia-ahalmen handia edukitzeagatik, alkohola edanda ere berdin eta arazorik gabe gidatu dezaketela, eta hori pentsamendu okerra da guztiz, organismoan alkohol-maila gehitzen den neurrian gehitzen baitira istripu bat izateko aukerak, direnak direla norbanakoaren gorpuzkera eta izaera.

Hona gorputzaren alkoholemia-mailarekin lotura zuzena daukaten alderdi batzuk:

  • Edariaren alkohol kantitatea eta graduak. Ez da gauza bera garagardo bat edatea edo bi kopa koñak edatea.
  • Pertsonaren pisuak. Pisu handia duten pertsonek hobeto toleratzen dute alkohola, baina hori ez da arau matematikoa.
  • Alkohola edan denetik iragan den denborak. Urdaila hutsik eduki ezkero gorputzak 30 minututan hartzen du alkohola, eta urdaila beteta eduki ezkero jan eta ordubetera dago alkohol-kontzentraziorik handiena.
  • Janariak. Eragina dute, bai zer janari mota jan den, bai zenbat jan den janari bakoitzetik.
  • Adinak. 25 urte baino gazteagoei eta 60 urte baino zaharragoei kalte handiagoa egiten die alkohola edateak.
  • Pertsonen sexuak eta gorpuzkerak: Orokorrean gizonek emakumeek baino hobeto jasan ohi dute alkohola, baina emakumea lan-munduan sartu denean ohitura asko orekatu egin dira, horien artean alkohola edatearena. Nolanahi ere, pisu eta alkohol kantitate berarekin emakumeak alkoholemia-maila handiagoa ematen du.
  • Nekeak: Logurak edo nekeak areagotu egiten dute istripua izateko arriskua, are gehiago alkohola edan denean.

Alkohola droga o botikekin nahastu ezkero, ondorioak aurreikusi ezinezkoak dira eta istripua edukitzeko arriskua askoz handiagoa da oraindik.

Uko egin diezaioket alkoholemiaren kontrola pasatzeari?

Jokabide arriskutsuak eta istripuak saihesteko egiten dira alkoholemia-kontrolak. Proba hauek kanpaina jakin batzuetan, udan, Gabonetan eta asteburuetan gehiago egiten dira.

Lehenik eta behin jakin behar da gidari guztiak behartuta daudela agenteek eginiko errekerimendu guztiak betetzera. Gidariak proba egiteari uko eginez gero, errutinazkoa izanda edota ez izanda ere, Zigor Kodeko 383 artikuluan adierazitako delitua egin lezake eta sei hilabetetik urtebetera arteko kartzela-zigorra ezar liezaioke, eta lau urte motordun ibilgailuak gidatzeko eskubidea galdu.

Alkoholemia-proban gidariak positiboa emanez gero, agenteek ibilgailua geldiarazi eta, zirkulazioarentzat oztopo bada, auto-gordelekura eraman dezakete. Gidaria beste pertsona batekin badoa, ibilgailua beste lagunak gida dezake. Alkoholemia-probari uko eginez gero, agenteek geldiarazi egin dezakete ibilgailua.

Zein da zigorra?

Bide-segurtasunaren Legearen arabera “Ezarritakoa baino tasa handiagoarekin ibilgailuak gidatzea arau-hauste oso larria da. Antzeko ondorioak sortzen dituzten beste gai, psikotropiko, estupefaziente edo antzerakoen eraginpean gidatzea ere oso larria da”. Alkohol-probari uko egitea oso larritzat jotzen da.

2014ko apirilaren 7an onartutako (6/2014) lege aldaketaren ondorioz zigorrak gogortu egin dira. Drogak hartuta gidatzen duenak (desintoxikazio tratamenduetarako edo medikuek agindutakoak izan ezik- 1.000 euroko isuna eta gida-baimeneko 6 puntu kenduko zaie, hau da,orain artekoaren bikoitza.

Edanda doan gidariari dagokionez, isuna 500 euro eta gida-baimeneko lau puntu izango du alkohol-kontrolean positibo emanez gero. Aldiz, alkohol-tasa muga bikoiztuz gero zigorra 1.000 euro eta sei puntu izango da. Halaber, gidaria edanda harrapatzen den aldia estreinakoa edo lehena ez denean, 1.000 euroko diru-isuna izango da baita ere.

Horrelakoetan, gidaria hirutik sei hilabetera arteko kartzela-zigorraz edota seitik hamabi hilabetera arteko isunaz, eta hogeita hamaika egunetik laurogeita hamar egunera arteko gizarte-onurarako lanez zigortua izango da, eta ibilgailuak eta ziklomotoreak gidatzeko eskubidea urtebetetik lau urtera bitartean galduko luke kasu guztietan.

Lotutako albisteak

Imagen
30.04.25
Ermuak NAN digitala eguneratzeko makina jartzea eskatu du Abiapuntun

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko
Imagen
29.04.25
‘Arriskua gutxien espero duzun lekuan dago. 100 aldiz begiratu’

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko
Imagen
Semáforo Kaltxango-Avenida Bizkaia semaforoa
14.04.25
Kaltxangoko semaforoak konpontzeko lanak

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan