Pedro M. Etxenikek zientzia eta aurrerapenaren arteko loturaz hitz egingo digu Izarra Centren

01.12.14
Ekonomi Sustapena

Pedro Miguel Etxenike ikerlari eta zientzialaria Ermura etorriko zaigu aste honetan hitzaldia ematera. Ostegunean, abenduaren 4an izango da, arratsaldeko bost eta erdietatik aurrera Izarra Centre eraikineko aretoan. Pertsonai eta hizlari aparta, tamainakoa eta ez fisikoki bakarrik, eraikin handi batera datorkiguna, teknologiara jausia egiteko eta produkzioa eredua aldatzeko ezinbesteko elementu bultzatzailea izan nahi duena, ermuarron etorkizunari mesede eginez. Ekimena Izarra Fundazioak antolatu du eta hitzaldi ziklo baten barne txertatzen da, zeina enpresa, ekintzaile eta unibertsitateko ikasleentzat –batez ere- pentsatuta dagoena. Nolanahi ere, Etxenikeren etorrerak ikusmina piztu duenez antolatzaileek aretoa bete arteko entzule kopurua sartzen utziko duela aurreratu du. Edukiera 85 pertsona izanik.

Etxenike irakaslea da eta baita DIPC (Donostia International Physics Center) Donostiako ikerketa Zentroaren eta Nanozientzia, CIC nanoGUNE Ikerketa Zentro Kooperatiboko presidentea ere.

Hainbat sari garrantzitsu jasotakoa da nafarra eta guztien artean aipatzekoak dira Fisikako Max Planck saria eta Asturias Printzearen Ikerketa Zientifikoaren Saria, besteak beste. Izabakoa zientzia zale amorratua da, hori zabaltzen eta ezagutzera ematen lan eskerga egin duena. Doktoretza tesi ugari zuzendu ditu, makina bat artikulu idatzi eta sinposio eta hitzaldietan parte hartu. Azken hauetan hizkera ulerterrazean, zuzen eta hurbiltasunaz hitz egiten du zientziak gure ohiko bizitzan duen eragina zenbaterainokoa den azalduz, horretaz ez garelako ohartzen askotan.

Ermuko hitzaldi honetan Etxenike maisuak zientzia, ekonomia, sormena eta kultura ukituko ditu, gizarteetako garapenean elkarren artean loturik daudela erakutsiz. Bere mezua unibokoa izango da, zientziari sorbalda ematen dioen gizarteak ez du behar bezala aurrera egingo, ez sozialki ez eta ekonomikoki ere. Etxenikeren hitzak entzuteko eta bere hausnarketaz bustitzeko aukera aparta dugu beraz ostegun arratsean, gure herrian bertan beste inora joan beharrik gabe.

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat