Emergentzia eta bidezaintza plana abian jarrita, ekaitzari aurre egiteko

04.02.15
Abisuak eta matxurak

Gure udalak herrirako dugun emergentzia eta bidezaintza plana abian jarri ditu, meteorologi aurreikuspenari eta jaso ditugun oharrei so eginda, hotza eta elurra ostiralera artean mantenduko direla baitiote. Gobernu taldeko hainbat kidek –alkate eta zinegotzi esku-ordeak- krisi-mahaira bildu dira gaur goizean alor ezberdinetako hainbat teknikarirekin –Bulego teknikoa, Udaltzaingoa, eta abar- herrian gauzatuko diren jarduerak koordinatze aldera. Hartu dituzten erabakien artean, garrantzitsuena langabezian dauden berrogei lagun kontratatzea datozen hiru egunetarako herriko lan-taldeko eta mankomunitateko lankideei laguntzeko eta guztien artean kaleak eta hirigune barruko bideak garbitu eta zabalik mantentzeko (egunerapena: jendea alokatuta dago). Eta elkarren artean dauiden baliabideak koordinatzea modu eraginkorragoan lan egin dezaten.

Euskal Meteorologi Agentziak, Euskalmetek, gaurtik ostiralera elur-kota behera etorriko denez gero, eta tenperaturak jaitsi eta izotza botako dituela-eta, iragarpena eman, neurriak hartzeko eskatu eta abisu horia ezarri du. Gaurtik astebukaera bitartean, abisu horia eta laranja mantenduko da, tokian-tokiko egoeraren arabera.

Herriko ikastetxeetan zer egingo den bihar

Krisi-mahaiak eta hezkuntza zinegotziak herriko ikastetxeekin harremanetan egon dira eta udalak bihar eta etsi eskolarik ez ematea proposatu die, batez ere lekurik altuenean dauden zentroei. Neurri horren xedea segurtasuna areagotzea izan da, kanpotik etorri behar duten irakasleen joan-etorria ekidinez, baita ikasle eta beren familiena, ikasle txikienen kasuan. Nolanahi ere, eskumen hori Eusko Jaurlaritzari dagokio eta eskolak bertan behera lagatzea –errekuperagarri direnak- ikastetxe bakoitzaren erabakia da. Alde eta kontrako aspektuak aztertu ondoren, erabakia ondorengoa izan da:

  • Ongarai eta Anaitasuna Ikastolan ez dute eskolarik izango Lehen Hezkuntzako ikasleek. Aldiz, DBHkoentzat ohi bezalako laneguna izango da, eskola emango baita.
  • San Pelaio eta Eskolabarrik baita ere Lehen Hezkuntzan eskolarik ez ematea erabaki dute, baina ikastetxea zabalik izango dute kanpoan lan egin eta seme-alabak non utzi ez dituzten gurasoek. Aldiz, San Pelaion DBHkoek ohi bezalako laneguna izango dute, eskola emango baita.
  • Azkenik, Sallabantek eskola normal ematea erabaki du, iristeko arazorik ez dutelako izan ez ikasle ez eta irakasleek, autobidea eta errepidea hurbil eta garbi izan baitute.

Senegaleko (Afrika) sei gaztek kaleak musu-truk garbitzeko beren burua eskaini diote udalari

Kontratatuko diren berrogei pertsonek herriko espaloi, kale eta bideak garbitzeko udal lan-taldeko eta mankomunitateko lankideek egingo duten lanaren osagarri eta lagungarri izango dira, irisgarritasuna mantentzeko, batez ere auzorik altuenetan, esaterako Ongarai, Aldapa, Santa Ana, Sakona eta Abeletxe. Brigadako udal langileek eguraldiari eta muturreko fenomeno metereologiko horiei aurre egiteko operatibo berezi bat eratu dute eta gaur goizeko seietarako kalean izan dira. Langile horiek eskaileretatik, espaloietatik eta zebra bideetatik elurra kentzen jardun dute, nahiz eta oraindik botatzen jarraitzen zuen. Lanak eskuz eta makinaz egin dituzte, herriko kaleetan zehar brigadako traktorea ere ibili baita. Halaber, gatza ere bota dute bai bart arratsean baita ere gaur goiz eta gauean, elurra urtzen laguntzeko eta bota dezakeen izotzari aurre hartzeko. Operatibo berezi hori mantendu egingo datozen ordu-egunetan, egoerari erantzuten saiatzeko.

Nolanahi ere, udalak herritarrei laguntzeko baita ere eskatu die, etxebizitza aurreko espaloi eta portaletara sartzeko lekuak garbituz, batez ere kalean dabiltzan lan-taldeak iristen ez direnetara guztion onerako izango delako.

Neguan elurra botatzea nahiko ohikoa da gu bizi garen parajean, horrek ez harritu ez eta asaldatu beharko gintuelarik. Bizitzako gauza guztiek bezala, elurrak alde txarrak –joan-etorrien korapilatzea, hotza, deserotasunak, etab abar…- eta onak ditu –irudi apartak, dibertsioa eta elkartasuna adibidez-. Azken multzo horren barn kokatu behar dugu gaur goizean musu-truk eta inolako konpentsaziorik gabe bere burua eskaintzeko deitu duten sei gazte -bost gizon eta emakume 1- afrikarren deia. Taldea kaleak garbitzeko eta behar danean laguntzeko prest dagoela adierazi du telefonoz. Udal Brigadan eskaintza ontzat eman eta pozik hartuko dituztela erantzun diete. Hortaz, seguru egun hauetan ikusten ditugula gure kaleetan lanean.

Lotutako albisteak

Imagen
23.04.25
Odola emateko aukera izango dugu gaur

Autobusa Bizkaiko Etorbidean izango da bederatziak eta laurdenetatik ordu 2etara eta lau eta erdietatik iluntzeko bederatzietara bitartean
Imagen
03.04.25
Mankomunitateak ostiralera arte luzatu du txartelak Ermuan jasotzeko epea

Merkatu plaza zaharrean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara ordutegian
Imagen
15.11.24
Irisgarritasun-elementu mekanikoetan ditugu matxuren egoera

Zerbitzu-alorrak arrapala eta igogailuetan ditugun gorabeheren eta horiek konpontzeko aurreikusitako epeen berri eman du