Sei emakume eta hamaika gizonezko daude Ermuko Udalbatza berrian
Sei emakumek eta hamaika gizonezkok osatzen dute gaur eratu berri den Ermuko Udalbatza. 2015-2019 legealdirako Udalbatza goizeko hamarretan puntuan hasi den Osoko Bilkuran osatu da, eta maiatzaren 24ko hauteskundeetara aurkeztutako pertsona berberek osatzen dute, alderdi politikoetan inork ez baitu uko egin ez edo ez baita aldaketarik izan. Bilkura normaltasun osoz egin da, inolako gorabeherarik gabe, eta aretoa ikuslez beteta egon da.
Adin-mahaia Partidu Sozialistako Carlos Totorikak eta Irabazi-Ganar Ermua alderdiko Julen Dominguezek osatu dute, udalbatza berriko zinegotzi zaharrena eta gazteena baitira, hurrenez hurren. Horiekin batera, Jose Antonio Fernandez udal idazkaria aritu da. Hauteskunde legeko hainbat artikulu irakurri eta horietan esandakoa bete ondoren, idazkariak hautetsi guztiei banaka deitu eta zina edo juramendua, kasuan kasuko, hartu die. Zinegotzi kargua zuzentasunez betetzeko eta Erregeari leialtasuna izanik, eta Konstituzioa Estatuko arau nagusia den aldetik, hori gorde eta gordearazteko galdetu zaie, eta guztiek baietza eman dute.
Erantzun anitzak
Zina edo juramendua hartzea arazorik gabe igaro da, eta idazkariaren galderei erantzuteko esapideak ezberdinak izan dira hamazazpi zinegotzien artean. PSEko sei ordezkariek eta PPko biek baiezkoa eman dute; halaxe egin dute Bilduko eta EAJko zinegotziek ere, baina euskaraz, eta “legeak hala behartuta” esaera gehituta.
Se Puede Ermua Ahal Da alderdiko bi kideek baietza eman dute, baina Oiane Suarezek behartuta egiten duela gehitu nahi izan du. Bestalde, Irabazi-Ganar Ermua alderdiko Julen Dominguez zinegotziak, legeak behartuta izateaz gain, bere sineskera errepublikarrei uko egin gabe baietza ematen duela azpimarratu du.
Alkatearen aukeraketa
Karguaz jabetu ondoren, zinegotziek alkatea aukeratzeari ekin diote. Hamazazpi kideek hautestontzi eta gutun-azal itxi batean botatu dute, eta ez da ezustekorik izan. Carlos Totorika izan da botorik gehien bildu dituen alkategaia, aldeko sei boto eskuratuz lehenengo bozketan bertan. Totorikari bere taldekideek (6) eman diote babesa. Beste alderdietako kide guztiek euren zerrendaburuaren alde bozkatu dute, PP eta EAJ alderdiek izan ezik; horiek boto zuriak eman dituzte. Hautestontzia zabaldu eta botoak zenbatu ondoren, Totorikari berriz ere zina edo juramendua hartu zaio. Jarraian, Dominguezek makila eman dio eta karguaz hartu du. Totorikak bertaratutakoei hitz batzuk esan dizkie, eta bilera bukatutzat eman da hasi eta ordu erdi ingurura.
Lerro hauen azpian ikus daiteke gaur goizeko saioan gertatutako guztia.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n