Asteburuko bandalismoak Errekalde igerileku naturala hustu eta garbitzera behartu du

30.06.15
Abisuak eta matxurak

Asteburuan gertaturiko bandalismoak eta identifikatu ez diren pertsonek instalazioa behar den bezala ez erabiltzeak Ermuko Errekalde igerileku naturala hustu eta garbitzera behartu du, Herri lan eta zerbitzuen alorreko arduradunak aditzera eman duenez. Instalazioa zerbitzurik gabe utzi behar izan da, uda honetan momentuz bizitzen ari garen jardunaldi beroenetan.

Obra eta Zerbitzuetako lankideek Errekalde errekastoko urari bidea ixten dioen eta herritarrek bainua hartzeko beste ur betetzea ahalbidetzen duen atea ireki zuten atzo goizean, igerilekua hustu eta urik gabe utziz. Hori egin dute hormak garbitu ahal izateko eta batez ere, hondoan aurkitu izan diren beira zatiak behar adina kontu eta minik hartu gabe erretiratu ahal izateko. Sorosle lanak egiten dituzten Gurutze Gorriko kideek igandean jakinarazi zuten igerilekua ez zela leku segurua bainatzeko, ur hondoan apurturiko hainbat beira zati atzeman ondoren. Beira zatiak larunbat iluntzean edo gauean nahita bota izan dituztela uste da. Horiek horrela, bainatzera joaten ziren pertsonek min hartu eta ebakiak egin zitezkeenez, igerilekua hustu eta garbitzeko eskaria luzatu zuten.

Lan hori atzokoan egin zuten eta, baliteke igerilekua gaur arratsean zabalik izatea, baldin eta uraz betetzen bada, errekako ur-jario propioarekin bete behar duelako. Gau guztian betetzen utzi da eta ikusi behar zer maila lortzen duen. Obra eta zerbitzuetako taldeak herritarroi oro har eta,erabiltzaileoi, bereziki zentzuz jokatzeko deia egin digute, guztion igerilekua den instalakuntza hori zaindu dezagun eta segurtasunez erabiltzerik izan dezagun. Igerilekua egokiro mantentzen badugu, guztiok gozatu eta erabili ahal izango dugulako. Izan ere, egun beroak bizitzen ari gara asteburutik ona.

Segurtasuna helburu

Berano-Errekaldeko igerileku naturalak urtero izaten du segurtasunerako beharrezko materiala. Aurten, gainera, desfibriladore bat ere izango dute sorosleek, zoritxarrez norbaitek hura erabiltzea beharko balu.

Ongaraiko parkea ere, zabalik

Bestalde, Ongarai parkean egin berri den ur-jolastokia ere irekita dago pasatu den ekainaren 4tik. Honako ordutegia du:

  • Ekainaren 19ra arte: lanegunetan 16:00etatik 20:00etara / larunbat eta igandetan 12:00etatik 20:00etara
  • Ekainaren 20tik irailaren 15era: egunero 12:00etatik 20:00etara

Parke horrek urarekin jolasteko zenbait elementu ezberdin ditu: kanoiak, txorrota bertikalak, zuzendu daitezkeen txorrotak, lainoztaturiko ur arkua, eta ura bildu ostean kulunkaz irauli egiten den ontzi altua, ura bi pausotan isurtzen duena.

Lotutako albisteak

Imagen
23.04.25
Odola emateko aukera izango dugu gaur

Autobusa Bizkaiko Etorbidean izango da bederatziak eta laurdenetatik ordu 2etara eta lau eta erdietatik iluntzeko bederatzietara bitartean
Imagen
03.04.25
Mankomunitateak ostiralera arte luzatu du txartelak Ermuan jasotzeko epea

Merkatu plaza zaharrean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara ordutegian
Imagen
15.11.24
Irisgarritasun-elementu mekanikoetan ditugu matxuren egoera

Zerbitzu-alorrak arrapala eta igogailuetan ditugun gorabeheren eta horiek konpontzeko aurreikusitako epeen berri eman du