Europako Mugikortasunaren Astean murgilduko da Ermua asteazkenetik aurrera
“Bat aukeratu, aldatu, konbinatu zure mugikortasuna” lelopean ospatuko da Ermuan Europako Mugikortasunaren Astea, irailaren 16tik 22ra. Kanpaina horren xede nagusia mugikortasun jasangarria bultzatzeko neurri iraunkorrak hartzea eta herritarrak bizikleta edo garraio publikoa erabiltzera, autoa partekatzera edo oinez ibiltzera animatzea da, ingurumena babestu ahal izateko.
Astean zehar, Ermuko ikastetxeak izango dira protagonista, bertako ikasleek mugikortasunarekin lotutako ekintza ezberdinez gozatzeko aukera izango baitute, Udaltzaingoaren eta Udaleko Alor Teknikoaren lanari esker.
Eskolabarrira igotzeko oinezko martxak izango dira goizero irailaren 16, 17, 18, 21 eta 22an; ikastetxe horretara iristeko, bide publikoko erabiltzaile guztiek bat egiten dute, eta ekimenaren asmoa motordun ibilgailuak baztertu eta oinez igotzea bultzatzea da, ingurumenari mesede egiteko.
Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleek ere izango dute zer egina. Eskolabarri, Anaitasuna, Ongarai, San Pelaio eta San Lorenzo ikastetxeetako neska-mutilek bideko segurtasunarekin lotutako marrazketa eta eskulan tailerrak izango dituzte euren ikasgeletan, Antxintxiketan taldeko monitoreen laguntzarekin. Saio horietan sortutako artelanak ikusgai izango dira asteartean, irailaren 22an, Marques de Valdespina kalean.
Bestalde, seigarren mailako ikasleek bizikletarekin trebetasuna erakusteko tailerrak izango dituzte asteazkenetik ostiralera, arratsaldez, Miguel Angel Blanco Udal Kiroldegian. Ermuko Txirrindulari Elkarteko kideak eta Igor Astarloa, Aitor Hernandez, Pedro Horrillo eta Aitor Galdos txirrindulariak izango dituzte bidelagun.
Hiritar guztientzat ekintzak
Irailaren 19an, larunbata, Ermuko bizilagun guztiek Orbe Kardinala plazan eskainiko diren bizikleta tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, 10:00etatik 12:00etara. Orbea eta Agirre Kirolaken eskutik, bi klase ezberdin egongo dira: batetik, bizikletaren alde mekanikoa azalduko da, oinarrizko elementuen inguruko ezagutza eskuratzeko; bestetik, bizikleten, kaskoen eta segurtasunerako elementuen erakusketa antolatuko da, biztanleria horien erabileraz jabetu dadin.
Bizikletaren festak beteko ditu Ermuko kaleak hilaren 20an, igandea, hiriguneko zirkuitu batean egingo den martxa zikloturista herrikoiari esker. Goizeko 10:00etatik aurrera, Orbe Kardinala plaza izango da abiapuntu eta helmuga, eta parte hartzeko inongo adin-mugarik edo baldintza berezirik ez dago. Bi gurpilen gainean gozatu nahi duen edonork bizikleta hartu eta herriko kaleetan barrena ibiltzea besterik ez du izango.
Ekimen lasaiagoak ere izango dira astean zehar. Irailaren 15ean, asteartea, mugikortasun bertikalaren inguruko hitzaldi-mahai-ingurua izango da Lobiano jauregian. Bilera horietan, San Pelaio-Ongarai auzoetako igogailuaren proiektua izango da gai nagusia, irisgarritasuna azpimarratuta, barne trafikorako motordun ibilgailuak alboratu eta oinez ibiltzeko ohitura sustraitzeko.
Udal Liburutegiko hallak hartuko du, azkenik, ekimenik pausatuena. Irailaren 22ra arte ikusgai izango da Stop Accidentesek antolatutako “Oinezko, etzazu zure bizitza gurutzatu” erakusketa, Teresa Murga eraikinean. Liburutegiaren ohiko ordutegian ikusi ahal izango dira lanak: 09:30etik 20:30era astelehenetik ostiralera eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara larunbat, igande eta jaiegunetan.
Egutegi osoa, ordutegi eta xehetasun guztiekin, azpian ikusgai:
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan