Juanma Bajo Ulloa: ‘Ideia handiak esan gabe uztea eragiten du beldurrak’

06.11.15
Ekonomi Sustapena

Juanma Bajo Ulloa zinema zuzendaria Izarra Centren izan da, “Izarra Centreko arratsaldeak” zikloaren barne, “Cómo contar historias y no morir en el intento” hitzaldi-elkarrizketa eskaintzeko. Parte hartzaileek zinegilearekin mintzatzeko aukera izan dute zinemaren egungo egoerari, kultur arloko ekintzailetzari eta zentsura modu berriei buruz.

Beatriz Gamiz Kultura zinegotziak aurkeztu du zuzendari arabarra, eta honek kultura une garratza igarotzen ari dela azpimarratu du: “Lehen erraza zen gauza berriak egitea, asko baitzegoen egiteko. Egun, informazio asko daukagu eta kritika egiteko gaitasun izugarria dugu. Horregatik, zaila da aurrera egiteko behar den ausardia izatea. Beldurra ematen digu, eta beldurrak ideia handiak esan gabe uztea eragiten du”.

Gai horren harira, enpresa handien beldurren inguruan mintzatu da: “Zinea oso kontserbadorea da, inor ez da arriskatzen film batean ezer ordaintzen, gaizki atera baitaiteke. Enpresa batek zu kontratatzeko boterea daukanean, zer esango dutenari beldurra ere badauka, eta jada eginda dauden gauzen alde jokatzen du”. Hori dela eta, zinegilearen aburuz, “kritikak jasotzeari beldurra galdu behar zaio”.

Bestalde, zuzendariak azaldu du pirateria “arazo larria” dela. “Espainiar estatua da munduan pirateria gehiena dagoen lekua. Barrabaskeria onartuta dagoen kulturan gaudelako gertatzen da hori, eta horrela ez goaz bide onetik”.

Estalitako zentsura

Zentsura dela eta, kezkatuta agertu da Juanma Bajo Ulloa: “Nire karreran egindako esfortzuaren zatirik handiena zentsurari lotuta egon da”. Boterea dagoen leku denetan dagoen fenomenoa dela deritzo, eta forma ezberdinak hartzen dituela: “Gaur egun ez ditu inork eszenak mozten; izan ere, botereari kalte egiten dioten eszenak ebaki beharrik ez dago, ez baitira grabatzen. Zer-nolako kultura izango dugun erabakitzen dutenak pertsona gutxi batzuk dira”.

Kulturarik gabeko gizartea ote dugun galdetuta, zuzendariak azaldu du zenbat eta kultura gutxiago izan, orduan eta “arrazoitzeko gaitasun eta irizpide urriago” izango ditugula. “Irizpideak informazio jakina jasotzean garatzen dira, eta sarritan, iritzia eta irizpideak izatea nahastu egiten ditugu. Egun telebistan ikusten duguna ez da kultura”, zehaztu du.

Hurrengo gonbidatua

Datorren hilaren 19an, osteguna, Tubthen Wagchen monje budista izango da Izarra Centren. Wagchen Bartzelonako Tibeten Etxearen sortzailea eta Dalai Lamaren Europako ordezkaria da. “La actitud positiva” izenpean, ekintzailetzari buruzko ikuspuntu erabat ezberdina eskainiko digu.

"360 Izarra Centreko arratsaldeak" euren sektoreetan arrakasta duten profesionalekin hitzaldi-elkarrizketa zikloa da. Helburuak ekintzailetza mota ezberdinak ezagutzea eta berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzea eta erraztea dira.

Lotutako albisteak

Imagen
13.06.24
Azken txanpa Ermua TalenTIC 2024ko jardunaldientzat

Eguneko ardatz dira lurraldeari talentua erakartzeko politikak edo etorkizuna administrazioan
Imagen
12.06.24
Talentua garatu eta zaindu beharreko potentziala da

Gure DNAn modu naturalean izan dezakegu, edo lanarekin, iraunkortasunarekin eta hazteko interesarekin eskura dezakegu
Imagen
10.06.24
Ermua TalecTIC jardunaldien III. edizioa hastear

Aste honetako asteazken eta ostegunean gauzatuko dira Izarra Centren