Mafia eta umorea eskutik datoz aste honetako Ermua Antzokiko zinema programazioan
Ermua Antzokian zinemak ez du etenik, eta aste honetan ere pelikula berriak ikusteko aukera izango da. Ostegunean, zineklub saioan, “El apostata” filma eskainiko da. Espainiak eta Uruguayk lankidetzan egindako tragikomedia Federico Veirojek zuzendu du, eta Donostiako azkeneko Zinemaldian kritikaren saria jaso zuen. Filmak Tamayo, 30 urteko gizonezkoaren historia kontatzen du. Horrek instituzio eta agintariei uko egitea erabakitzen du, iragana atzean utzi eta bizi berria hasteko. Bide horretan, bizitzako momenturik berezienak errepasatuko ditu. Aldatzen ari den eta gero eta konplikatuagoa den munduan norbere oinarria aurkitzeko saiakera da “El apostata”. Ostegunean eskainiko da, 20:30etik aurrera.
Zine komertzialari dagokionez, programazioa larunbatean hasiko da, 19:30etik aurrera, “El nuevo nuevo testamento” filmarekin. Jaco Van Dormael belgikarrak zuzendu du komedia beltz hori, eta Benoit Poelvoorde aktore ikusgarria da protagonista. Zer gertatuko litzateke Jainkoa benetan egongo balitz eta, gainera, Bruselan biziko balitz? Erantzuna: dibertsioa, satira, surrealismoa eta irudimena. Pelikula dibertigarria eta berezia da; bizia eta gozagarria; satirikoa baina min emateko asmorik gabea. “El nuevo nuevo testamento” larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ikusi ahal izango da.
Asteburuko beste pelikula “Black mass: estrictamente criminal” thriller estatubatuarra da. Scott Cooperrek zuzendutako filmak Johnny Deep du protagonista, eta Benedict Cumberbatch, Dakota Johnson eta Kevin Bacon aktoreek osatzen dute izarren zerrenda. Benetako gertaeretan oinarrituta dago, eta 70eko hamarkadako Bostonen kokatzen da: FBIak Irlandako gaizkile xume bat konbentzitzen du Italiako mafiaren aurka borrokatzen laguntzeko. Urte batzuk geroago, irlandarra Estatu Batuetako antolatutako krimenaren buru boteretsuenetako bat izatera iritsiko da. “Black mass” mafiari buruzko pelikula onenen mailan jarri dute kritikoek, eta film horri esker, Johnny Deep Oscar saria irabaztera iritsi daitekeela uste du hainbatek. Pelikula larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.
Azkenik, igandean, umeen saioan, “Pinocho y su amiga Coco” filma eskainiko da 17:00etatik aurrera. Betiko istorioa, guztiontzat ezaguna, familia osoarentzat gozagarri beste behin.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan