Berrikuntza administrazioan, Toki Garapeneko X. Asteko bigarren jardunaldiko gai nagusia

02.12.15
Erakundea

Ermuko hamargarren Toki Garapeneko Astearen bigarren jardunaldia izan da gaur, eta administrazioetatik berrikuntzarako tresnen sustapena izan du abiapuntu. Carlos Totorika alkateak eta Maria Luisa Castaño Berrikuntza eta Lehiakortasuneko Ministerioko Zuzendari Nagusiak eman diote hasiera egunari, Izarra Centreko auditorioan.

“Berrikuntzaz hitz egitera herri txiki batera” gerturatu izana eskertu nahi izan die Totorikak ikus-entzuleei. Gainera, “benetako esperientziak, emaitzak eta betetako helburuak” ikusita gehiago ikasten dela azpimarratu du, sarean lan egitearen garrantziarekin batera.

“Gizartearen erronkei aurre egiteko gai izatea eta era eraginkorrean gainditzea esan nahi du berrikuntzak. Horretarako, beharrezkoa da pertsona eta erakunde bezala aldatzea eta sareak ehuntzea, emaitza oso onak ematen baitituzte”, azaldu du.

Bestalde, Maria Luisa Castañok Ermuko Udalari eskerrak eman dizkio jardunaldiak antolatu izanagatik. Haren hitzetan, “berrikuntzaren ABCa da gakoa, eta Innpulso Sarearen lanari balioa ematen dio. Sare horrek udalen lanari esker jarraitzen du bizirik”.

Gainera, motor ekonomikoa eratu eta hiritarren bizi kalitatea hobetzeko jakinduria lortzearekin lotu du Castañok berrikuntza. Horretarako, eta guztia martxan jartzeko, Estatuak eta udalek bat egin eta elkarlanean aritu behar dutela azpimarratu du.

Azkenik, “amets bat, berrikuntzaren alde udalerrietan lan egitea, errealitate bihurtu izana” eskertu die Innpulso Sareko udalei.

Gogoratu jardunaldiak streaming bidez zuzenean jarraitu ahal daitezkeela Udal honen webgunean. Bihar amaituko da Toki Garapeneko X. Astea, eta “Pertsonak berrikuntzarako aktore gisa” izango du hizpide.



Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
01.12.25
I. Gabonetako Postal Lehiaketaren emaitza erabakita

LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da