Enplegu Anezkak aurkeztu ditu Teresa Laespada Foru Diputatuak Ermuan

03.12.15
Ekonomi Sustapena

Ermuko X. Toki Garapeneko Asteko azken jardunaldiak pertsonek berrikuntzako aktore gisa duten garrantzia izan du hizpide. Horren harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna sustatzeko Saileko diputatu Teresa Laespadak hitzaldia eskaini du. Izarra Centreko auditorioan izan da, ohi bezala, eta dozenaka pertsona gerturatu dira bere hitzak entzutera.

Laespada enplegu politika berriei buruz mintzatu da, Aldundiak martxan jarriko dituen Enplegu Anezken inguruan, zehazki. Langabetuek osatutako taldeak dira Anezkak, eta koordinatzaile edo coach baten laguntzarekin, banaka nahiz taldeka enplegua bilatzen saiatzen dira.

Diputatuak azaldu du “egoera sozial, politiko eta ekonomiko zaila” bizi dugula, eta langabetuaren profila asko zabaldu dela. Hori dela eta, Laespadaren aburuz, garrantzitsua da “pertsonen arteko sinergiak bilatzea”.

Anezkei dagokienez, hizlariak azpimarratu du ez direla ikastaroak, “lan munduan sartu ahal izateko hobekuntza programak” baizik. Horien helburua “lan taldeak sortzea, jakinduria elkarbanatzea eta elkarlanean aritzea” da.

Egun, Bizkaian hiru proiektu daude martxan jartzeko prest: bata gazteentzat Bilbon, bestea emakumeentzat Barakaldon, eta hirugarren bat, mistoa, Balmasedan. Kokapenak beharren arabera zehaztu direla adierazi du diputatuak; izan ere Bilbo, Ezkerraldea eta Enkarterriak dira langabeziak gehien astindu dituen eskualdeak. Dena dela, martxotik urrira bitartean anezka gehiago zabaldu nahiko lituzkeela esan du. Carlos Totorika alkateak Ermuak Anezka bat izateko desioa adierazi dio Laespadari.

Anezka bakoitzean hogei parte-hartzaile eta koordinatzaile bat egongo dira, eta sei hilabete eta erdiko iraupena izango dute. Hala ere, esperientzia pilotua dela zehaztu du diputatuak: “Programak amaitu ostean, ebaluatu egingo ditugu, funtzionatzen ote duten edo ez ikusteko. Hala bada, horretan inbertituko dugu”.

Lotutako albisteak

Imagen
16.05.25
Ziurgabetasunak eragiten al dio talentuari? Zenbateraino? Enpresa edo herri-administrazioetan maila berdinean?

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n
Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena