‘Superprofesionala’ bihurtzeko sei pausoak azaldu ditu Alfonso Alcantarak

03.12.15
Ekonomi Sustapena

Ermuko X. Toki Garapeneko Asteko hirugarren eta azken jardunaldiak pertsonek berrikuntzarako aktore gisa duten papera izan du hizpide. Carlos Totorika alkatearen sarrera labur baten ostean, Alfonso Alcantara Yoriento.com zerbitzuko zuzendariak ‘superprofesionala’ bilakatzeko gakoei buruzko hitzaldia eskaini du.

Corboban jaioa da Alcantara, eta enpleguan eta giza baliabideetan espezializatutako psikologoa eta coach-a da. ‘Superprofesional’ liburuaren egileak umore ona duela erakutsi du hitzaldi osoan zehar: txiste bat kontatuz hasi du azalpena, Izarra Centreko auditorioa leporaino bete duten ikus-entzuleen zorionerako.

Dozenaka gaztek adi-adi jarraitu dituzte andaluziarraren azalpenak. Haren hitzetan, coaching-a “gogoeta egiten laguntzen duen glamourdun orientazioa da”: “Erabaki egin behar da denbora zertarako erabili nahi den, eta galderei erantzuten joan behar da”.

Hitzaldiaren lehen zatian, pertsonekin lan egiten duten profesionalek zer-nolako gaitasunak izan behar dituzten azaldu du, hala nola, planifikatzen jakitea, informazioa eskaintzea, galderak egitea, aholkuak ematea eta konbentzitzea. Izan ere, Alcantararen hitzetan, “orientazio prozesuak jendearekin harremanetan jartzea, esku hartzea eta ebaluatzea hartu behar ditu bere baitan”.

Profesional ona bihurtzeko eman beharreko pausoak izan ditu hizpide aurkezpenaren bigarren zatian. Yoriento.com webguneko zuzendariak sinpatia handiarekin azaldu ditu, banan-banan, pauso bakoitzaren gakoak, besteak beste, ekintzailetzarako babesa, ‘haztitud’ izatea (“egin behar dena egitea”), aldaketa edota marka.

Amaitzeko, azaldutako pausoak praktikan jartzera animatu ditu Alcantarak ikus-entzuleak, dituzten galderei erantzunak emanez eta helburuak lortzeko gogoeta eginez.

Lotutako albisteak

Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat
Imagen
17.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldia egingo Ermuan

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik