2016ko lehen erdirako kultur agenda aurkeztu du Ermuak
Ermuko Udaleko Kultura Sailak 2016ko urtarriletik maiatzera bitartean herrian izango diren ikuskizunen programa aurkeztu du. Eskaintza anitza da, eta zuzeneko musikaz, antzerkiaz eta proiekzioez gozatzeko aukera izango dugu.
Proiekzio bat da, hain zuzen, programa zabalduko duena. Ingalaterrako Royal Balletek antzeztutako Tchaikovskiren ‘El cascanueces’ obra proiektatuko da Ermua Antzokian emitituko da urtarrilaren 8an.
Hortik aurrera, bost hilabete horietan, musika eta antzerkia izan dira nagusi. Emakumezkoak izango dira eszenatokian jaun eta jabe; izan ere, Sweet California hirukote arrakastatsuaren eta Anni B Sweet abeslariaren goxotasuna miresteko parada izango da Ermua Antzokian.
Bestalde, Kiko Veneno kantari ezagunak ‘+ sola que la una’ izeneko kontzertu berezia eskainiko du. Bertan, bi ordu baino gehiagoko errepasoa emango dio bere ibilbideari.
Blues musikak ere leku garrantzitsua du agendan. Aurreko hilabeteetan bezala, Lobiano Kultur Gunetik igaroko da Jazz Blues Bizkaia zirkuitua, eta urtarriletik martxora bitartean, Big Mama Montse & Tófol Martínez Quartet, Animal Blues eta Marcos Coll & Stefano Ronchi taldeak izango dira bertan.
Adin guztietarako antzezlanak
Labetik atera berri den kultur agendak gustu eta adin guztietarako antzerki eskaintza zabala biltzen du. Gabino Diego, Antonio Garrido eta Antonio Hortelano telebistako aktore ezagunek betiko hiru lagunen papera beteko dute ‘Nuestras mujeres’ obran. ‘El Florido Pensil – Niñas’ antzezlanean, aldiz, gerra osteko Espainiako hezkuntza sistema zapaltzailea bizi duten neskato batzuen egunerokotasuna erakutsiko digute Elena Iruretak, Gurutze Beitiak eta Loli Astorekak, besteak beste.
Gainera, ‘Etxekoak’ lanak istorio pertsonal bat ekarriko digu, euskara hutsean eta 80 minutuz gizartearen mugei eta lege eroei kritika egiten diena. Herriko txikienentzat gozagarri, aldiz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ‘Amalur’ ikuskizun berria izango dugu geurean.
Ekimen guztietarako sarrerak datorren abenduaren 11tik aurrera izango dira salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan eta Kutxabanken webgunean.
Ikuskizunei, datei eta gainerako xehetasunei buruzko informazio guztia topa dezakezue 2016ko urtarrila-maiatza kultur programazioan.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan