'Sicario' eta 'El Clan' thrillerrak nagusi aste honetan Ermua Antzokian

09.12.15
Ermua Antzokia

Astero bezala, ostegunarekin batera zine programazio berria dakar Ermua Antzokiak. Biharko zineklub saioan, ‘Rams: el valle de los carneros’ film islandiarra emitituko da, jatorrizko bertsioan azpitituluekin. Grimur Hakonarson zuzendariaren lanak Gummiren historia kontatzen digu, zeinak 40 urte daramatzan Kiddi anaiarekin hitz egin gabe. Gaixotasun arraro batek, ordea, bien artaldeak kaltetuko ditu, eta iraganeko ika-mikak albo batera utzi eta batera egin beharko diote aurre egoerari. Film ederra eta hunkigarria da, historia arrunt batetik abiatuta, poesia eta gogoeta uztartzen dituena. Ostegunean 20:30etik aurrera eskainiko da.

Zine komertzialari dagokionez, ‘El Clan’ pelikula argentinarrarekin hasiko da programazioa larunbatean. Pablo Traperok zuzendu du, pasatu den Veneziako Zine Jaialdian zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia saria jaso duenak, hain zuzen. Benetako gertaeretan oinarrituta dago ‘El Clan’, eta Puccio familia argentinar errespetagarri eta diruduna erakusten digu. Itxura onaren atzean, baina, diru truke bahiketak eta hilketak egiten dituen familia ezkutatzen da. Antzezpen izugarriak ditu filmak, eta ikuslea hunkituko duen historia azaltzen du. Pelikula larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.

Asteburuko bigarren filma ‘Sicario’ thriller bikaina izango da. Emily Blunt, Josh Brolin eta Benicio del Toro aktoreak gorantz doan Denis Villeneuve zuzendariaren esanetara jarri dira pelikula honetan. Ikusgarria, ikusleak ezingo ditu begiak pantailatik kendu tramaren erritmoa eta suspentsea jarraitzeko. Mexikoren eta AEBen arteko mugan, Gobernuak FBIko agente idealista bat kontratatuko du narkotrafikoaren aurkako talde berezi batean lan egiteko. Bere sineskera guztiak zalantzan jarri beharko ditu bertan biziraun ahal izateko. ‘Sicario’ larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Azkenik, haurrentzako saioari dagokionez, ‘Dragoi Bola Z, F berpiztua’ filma emitituko da igandean 17:00etatik aurrera. Jada ezaguna den serie baten eskutik, Japoniako animaziorik onena pantaila handira itzuliko da; entretenimendua eta akzioa bermatuta daude. Filma euskaraz proiektatuko da.

Gogoratu oraindik ere hileko bonoa eros daitekeela, 13,20 euroren truke, zine komertzialeko eta zineklubeko saioetara sartu ahal izateko.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan