‘Los juegos del hambre’ sagaren amaiera, asteburuko protagonista Ermua Antzokian

15.12.15
Ermua Antzokia

2015a amaitzear dugu jada, eta ostegun honetan programa berezi batekin ekingo zaio urteko azken aurreko zine asteari Ermua Antzokian. Izan ere, ohiko zineklub saioak bat egingo du Lankidetza Kontseiluak antolatu dituen Emigrazioari eta Errefuxiatuei buruzko Jardunaldiekin, eta Jacques Audiar frantziarraren ‘Dheepan’ filma eskainiko da. Pelikula izugarri horrek Canneseko Zinema Jaialdian Urrezko Palma eskuratu zuen. Sri Lankako gerra zibiletik ihesi doa gizonezko bat, eta Frantzian babesa lortu ahal izateko, erabaki zailak eta gogorrak hartu beharko ditu. Egoera okerretan gizakiak duen erresistentziaren isla da filma, eta aurtengo zineklub saioei amaiera emateko modu ezinhobea. Gainera, pelikula amaitzean, Zinhezbak dinamizatutako zine foruma izango da. ‘Dheepan’ jatorrizko bertsioan eskainiko da 20:30etik aurrera.

Zine komertzialari dagokionez, programazioa larunbatean hasiko da Isabel Coixet zuzendariaren ‘Nadie quiere la noche’ filmarekin. Juliette Binoche aktorea du protagonista, eta Goya sarietarako 9 izendapen eskuratu ditu, tartean, pelikula onenarena. Benetako gertaeretan oinarrituta dago, eta abenturak eta biziraupena uztartzen ditu. Josephineren Ipar Polorako bidaia kontatzen du, bere senarraren den Robert Peary esploratzailearen bila izandako bizipenekin. Historia miresgarri hori edertasunez, indarrez, nerbioz eta intentsitatez betea dago. ‘Nadie quiere la noche’ larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Asteburuan eskainiko den beste filma azken urteotan lagun izan dugun sagaren amaiera izango da. 3Dn emitituko den ‘Sinsajo 2’ pelikulan, Katnissen eta Snow presidentearen arteko aurrez aurrekoaren azken emaitza argituko da. ‘Los juegos del hambre’ sagari amaiera ikusgarria ematen dio filmak, akzioz betea, eta hiru dimentsioen teknologiak are gehiago puzten du istorio arrakastatsu hori. Amaiera ederra. Pelikula larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etatik aurrera ‘El viaje de Arlo’ 3Dn ikusteko aukera izango da. Pixar eta Disney animazio talde erraldoiek bat egin dute magiaz, dibertsioz eta entretenimenduz betetako filma sortzeko. Zer gertatuko litzateke Lurraren bizitza aldatu zuen asteroideak planeta jo ez balu eta dinosauroak sekula desagertu ez balira? Pelikula zoragarri honetan kontatuko digute Pixarrek eta Disneyk.

Informazio gehiagorako, ikus ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
10.06.25
Banarte Antzerki Taldeak "Cuentra atrás" aurkeztuko du Ermuan

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian
Imagen
Fotografía del elenco de la obra de teatro Antigona
28.05.25
Sutegi antzerki taldeak ‘Antigona’ aurkeztuko du Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera
Imagen
27.05.25
Ermua Antzokiak denboraldiko azken lau filmak proiektatuko ditu

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu