Udalak 300 metro karratu erosi ditu Izarra Centren, ekintzailetza eta talde-lana bultzatzeko
Ermuko Udalbatzak Izarra Centren ekintzailetza espazioak erostea onartu du pasatu den abenduaren 16ko Osoko Bilkuran, 1.304.000 euroren truke. PSE-EE/PSOE, EAJ, PP eta Irabazi alderdiek babestu dute proposamena, eta EH Bildu eta Se Puede Ermua Ahal Da abstenitu egin dira.
Guztira 300 metro karratu hartu erosi dizkio Udalak Promosa sozietate publikoari, eta salerosketa hiru zatitan banatzen da.
Batetik, Ermuko Udalak Izarra Centreko lehen solairuan, enpresen haztegian, 245,60 metro karratuko espazioa hartu du. Sektore tradizionaletan eta sortzen ari direnetan autoenplegua eta berrikuntza sustatzeko zerbitzu eta azpiegiturak martxan jartzea da horren helburua. 736.000 euroren truke erosi da aipatutako espazioa.
Bestetik, talde-lana bultzatzeko 60 metro karratuko lokala erostea onartu du Udalbatzak. Unibertsitateko ikasketetan gero eta ohikoagoa da taldean lan egitea eta proiektuak garatzea. Ohiko liburutegietan isiltasuna eskatzen denez, ezinezkoa da taldeetan batzea eta eztabaidatzea. Hori kontuan izan du Udalak, eta Ermuko ikasleek Izarra Centreko bigarren solairuan batzeko lekua izango dute. 60 metro karratu ditu, altzariak bertan daude jada, eta Internetera konektatzeko aukera eskaintzen du. 171.112 euroko kostua izan du salerosketak.
Azkenik, ekintzailetza espazioetarako altzariak erosteko, Udalak 169.733 euro ordaindu ditu. Guztira, operazio horretan erositako espazioak eta materialak, BEZa barne, 1.304.000 euroko kostua izan du. Salerosketa Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzari esker egingo da.
Denetariko iritziak
Espazioen erosketak talde politikoen artean iritzi ezberdinak eragin ditu. PSE-EE/PSOEk Udalak ekintzailetzaren alde egindako apustua azpimarratu nahi izan du; EAJk, bestalde, Izarra eraiki ordez, bestelako politikak hartuko lituzkeela azpimarratu du. Dena dela, salerosketaren alde agertu da: “Eraikina jada hor dago, hori da errealitatea, eta ahal den guztia egin behar da funtzionatu dezan eta Ermuak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jasotzen jarrai dezan”, azaldu du Jol Gisasolak.
PP alderdiko Fernando Lecumberrik azaldu du popularrek beti babestu izan dituztela enplegua sortzeko eta industria garatzeko proposamenak: "Arrazoizkoak diren bitartean, horrelako ekintzak babesten jarraituko dugu".
Julen Dominguez Irabaziko ordezkariak zehaztu du Izarra Centre “neurriz kanpoko proiektua” iruditzen zaiola bere alderdiari, baina aldeko botoa eman du, espazioen erosketa “eraikinaren helburuak lortzeko erreminta” izan daitekeela adieraziz.
Bestalde, Paul Yarza EH Bilduko zinegotziak proposamenaren aurkako iritzia azaldu du: “Diru gehiegi gastatu da eraikin horretan, eta beste era bateko politiketan erabiltzea egokiagoa litzateke”. Hori dela eta, bere taldeak abstentzioa eman du, Se Puede Ermua Ahal Da alderdiak bezalaxe.
Jarraian saioaren bideoa ikus dezakezue:
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n