Star Wars sagaren itzulera nagusi Ermua Antzokiko zine programazioan

05.01.16
Ermua Antzokia

Gabon jaien ostean, Ermua Antzokiko zine programazioa normaltasunera itzuliko da aste honetan. Ostegunean eskainiko da urteko lehen zineklub saioa, eta Yorgos Lanthimos greziarraren Langosta izango da estreinako filma. Jatorri greziarra izan arren, aktore ezagunak biltzen ditu, besteak beste, Colin Farrell, Rachel Weisz eta Lea Seydoux. Komedia beltz distopikoa da, eta abiapuntu erakargarria du: balizko etorkizuneko munduan, ezkongabeak atxilotu eta toki berezi batera eramaten dituzte; bertan, 45 eguneko epea dute bikotekidea aurkitzeko. Lortzen ez badute, zigor harrigarria jasoko dute. ‘Langosta’ jatorrizko bertsioan eskainiko da, azpitituluekin, 20:30etik aurrera.

Programazio komertziala larunbatean hasiko da Paul Weitz zuzendari estatubatuarraren Grandma road-movie dibertigarriarekin. Ellek Olive neskalagunarekin harremana eten du, eta bat-batean, haren biloba Sage etortzen zaio diru eske. Orain, Elle amonak eta Sage bilobak behar duten diruaren bila bidaia hasiko dute. Energiaz betetako komedia argia da, zinema denboraldiko sorpresa handienetakoa. ‘Grandma’ larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.

Asteburuko beste pelikula handia J.J. Abrams zuzendariaren Star Wars: El despertar de la fuerza 3D izango da. Ezer gutxi esan daiteke jada zinearen historiako mito bilakatu den sagari buruz. Estreinaldiaren egunetik mundu osoko zineetan errekor guztiak hautsi ditu, Han Solo bezalako pertsonaia ahaztezinen itzulerarekin. Emozioa, erritmoa, indarra, ikuskizuna, abiadura, intriga eta abentura maisuki uztartzen ditu 135 minututan zehar, eta kritikak eta ikus-entzuleak txundituta utzi ditu. Galaxietako Gerraren izpiritua bueltan da, XXI. mendeko zinemak eskaintzen dituen teknikez baliatuta. Sagaren betiko jarraitzaileen nahiak eta istorio horretara lehen aldiz gerturatzen direnen asmoak asetzen asmatu du pelikulak, zinearen historian ongi merezitako tartea eskuratuz. Benetako maisulana. ‘Star Wars: El despertar de la fuerza 3D’ larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean ikusi ahal izango da.

Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera Yoko y sus amigos filma ikusteko aukera izango da. Lagunak egitea kostatzen zaion mutiko berezia da Vik; lortzen duenean, gainera, beste hiri batera joan beharko du gurasoekin. Familia guztiarentzat dibertsioa. ‘Yoko y sus amigos’ Goya sarietarako izendatuta dago, animaziozko pelikula onenaren kategorian.

Azkenik, gogora ezazue oraindik ere hileko bonoa eskuratu daitekeela, 16,8 euroren truke, Lobianon eta Ermua Antzokian.

Informazio gehiago: www.ermua.es/ermuantzokia

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan