'Palmeras en la nieve' eta 'Carlitos y Snoopy 3D', asteburu honetan Ermua Antzokian
Ohikoa den bezala, ostegunetik aurrera pelikula berriez gozatzeko aukera izango dugu Ermua Antzokian. Zineklub saioan, Matteo Garrone zuzendariaren El cuento de los cuentos film italiarra eskainiko da. Salma Hayek eta Vincent Cassel aktoreak ditu protagonista fantasia harrigarri horrek, eta XVII. mendera eramango gaitu. Elkarrekin nahastutako tramaz betetako fantasia ederra da filma, oso ikusgarria eta berezia, eta drama, dibertsioa, samurtasuna eta une gogorrak uztartzen ditu. Pelikula 20:30etik aurrera eskainiko da, azpititulatutako jatorrizko bertsioan.
Programazio komertziala larunbatean hasiko da, Papá o mamá filmaren lehen proiekzioarekin. Komedia garratz horrek familien arazoak hartzen ditu abiapuntutzat egungo gizartearen inguruko gogoeta dibertigarria plazaratzeko. Florenciak eta Vincentek euren lanpostuetan arrakasta handia duten bikotea osatzen dute, baina harremana etetea erabakitzen dutenean, arrakastari eutsi nahi diote biek ala biek, eta ahal duten guztia egingo dute seme-alaben zainketari uko egiteko. Komedia beltza da, politikoki okerra, oso dibertigarria eta azken urteetako komedia frantses onenen mailakoa. ‘Papá o mamá’ larunbatean 19:30ean eta astelehenean 20:30ean eskainiko da. Igandeko ohiko saioa 22:15era atzeratuko da, asteburuko beste filma, Palmeras en la nieve, luzea baita.
Horixe da, zehazki, asteburuan eskainiko den beste filma, Palmeras en la nieve arrakastatsua. Fernando Gonzalez Molinak zuzendu du, eta Mario Casas, Adriana Ugarte eta Emilio Gutierrez Caba ditu protagonista. Luz Gabas idazlearen eleberri arrakastatsuan oinarrituta dago, eta Espainian Star Wars bezalako zinearen munstroarekin lehian aritu da takiletan buru izateko. Drama eta maitasuna eskutik datoz 50. hamarkadako Afrika kolonialean kokatzen den istorio honetan. Aragoiko gazte bat Guineara joaten da aitaren bila, Hacienda Sanpakan munduko kakaorik onena sortzen baitu. Bertan, pasioa, laguntasuna, maitasuna eta gorrotoa ezagutuko ditu. 163 minutuko pelikula izan arren, azkar pasatzen da, emozioz beteta. ‘Palmeras en la nieve’ larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Igandeko haurren zinemari dagokionez, 17:00etatik aurrera ikusgai izango da Carlitos y Snoopy, la pelicula de Peanuts 3D. Animazioaren munduko betiko pertsonaiek pantaila handira egin dute jauzi, eta urteko marrazki bizidunetako pelikularik onenetakoa osatu dute. Ederra, polita eta jatorrizko pertsonaiei estu lotua. Benetako harribitxia.
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazue Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan