Okin Zurin espaloi berria egiteko lanak astelehenean hasiko dira

22.01.16
Hirigintza

Uraren Euskal Agentziak –URAk- jakinarazi du astelehenean hasiko dituela BI-2301 errepidearen alboan espaloi berria egiteko landa lanak. Egun horretan zehar zonaldea seinaleztatu egingo da, ondoriorik behinena obraren inguruko espazioan errei bat itxita geratuko baita, gidariek txandaka pasa beharko dutelarik semaforoaren argien arabera. Obrak sei aste beharko dituela aurreikusita dago eta erreia denbora horretan mantenduko da itxita. Hirigintza alorrak eta Bulego teknikoak kartela prestatu dute, informazio oharra zabaldu eta Mallabiko udalarekin harremanetan jarri dira horren berri emateko, baita ere horren Goitondo industrialdean kokatuta dauden enpresa handienen ordezkariekin –esaterako Orbea, Servando, eta abar… jakinaren gainean jarri eta hori kontutan har dezaten. Zonalde horretan jende asko ibiltzen da egunero, oinez nahiz ibilgailuetan Hambreko gasolindegira, kanposantura, tanatoriora, Trabakuara, nahiz Markinara eta abar doazen guztiak. Horregatik guztiagatik, Udaltzaingoak obren espazioan arreta areagotzeko eskatu du.

Oinezkoek are seguruago ibiliko gara Ermuan 2016an. Astelehenean hasiko da Okin Zuri eta Abelleira txatartegi aurreko bidexka lotuko dituen espaloiaren obra. Azpiegitura berriak laurogei (80) metroko luzera eta bi metroko zabalera izango ditu. Horrez gain, mendixkarainoko beste 25 zentimetro geldituko dira eta 40 zentimetro gehiago ura jasotzeko tartea, BI-2301 errepidearen galtzada hasi aurrekoa. Proiektua hainbat erakunderen arteko elkarlana eta kolaborazioari esker gauzatu ahal izango da, guztien artean ermuarron aspaldiko eskaerari konponbidea emango diotelarik. Uraren Euskal Agentziak –URAk-, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ermuko Udalak koordinaturik jardungo dute, gabezi horri konponbidea emateko. Udalak denbora darama lanean nahi hori posible egin ahal izateko, arrazoiak argudiatuz, jo eta ke jardun izanaren ondorioz lortu izan duelarik hiru erakunde ados jartzea eta elkarlanean aritzeko koordinatzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak jada obra egiteko baimena emana du, lanak bere eskumeneko errepide bati eragin eta ukituko baitiote. URA agentziak gain hartuko du lur zati horretan saneamenduaren kanalizaziorako hodia sartzeko lanen kostua, hori horrek etorkizunean Goitondo industrialdeko kolektorea eta saneamendu sarea lotuko dituelarik. Obrak hasitakoan mendiaren zati garrantzitsua kendu egin beharko denez hondeaketa egingo da, mendi ezpondari, hodia lurperatu eta espaloia izango denaren plataforma edo oinarria prestatuaz. Jarraian espaloiaren goiko aldea errematatu, baldosak eta argia jarri eta urbanizatu egingo da. Eta altuera izango duen zebra bide bat ere egingo da errepidea batetik bestera segurtasunez gurutzatu ahal izateko. Zebra bide hori Okin Zuri auzoko pista balioanitzaren -13 eraikina pasa eta geroago- eta aurreko espaloiaren artean prestatuko da, ezker nahiz eskumatik ondo ikusi ahal izateko, bihurgunetik urruti. Udalak espaloiaren urbanizazio kostua gain hartuko du eta 30.000 euro pasatxo ordaindu beharko ditu, gutxi gorabehera.

Ondoren Bulego Teknikoak prestatu duen argazki sorta uzten dizkizuegu. Batean, zonaldea egun dagoen moduan jasotzen du, besteak obra egin ondoren nola geratuko den muntai edo infografia eta, azkenak, obraren kartela, egin beharrekoaren berri ematen duena.

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
03.04.25
San Antonioko igogailuaren obrak, hasierako lanetan

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak
Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da