Oscar sarietarako izendatuak, otsaileko zine programazioko protagonista

02.02.16
Ermua Antzokia

Hasi berri dugu otsaila, eta ostegun honetan abiatuko da hil honetako zine programazio berria Ermua Antzokian. Otsaileko agendan, nola ez, Oscar sari baliotsuak lortzeko lehian dauden filmetako batzuk ditugu.

Guztira zortzi pelikula izango dira zine komertzialeko eskaintzan; gainera, lau zineklub saio egingo dira, eta etxeko txikienek lau film ezberdin ikusteko aukera izango dute.

Hilero bezala, zine komertzialera eta zineklubera joateko bonoa eros daiteke. 14,4 euroko salneurria du, eta horri esker, film bakoitza 1,2 euroren truke ikus daiteke. Bonoak Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokiko leihatilan daude salgai.

Lehen aste honetako programazioari begira, ostegunean izango da hileko lehen zineklub saioa Pablo Larrain zuzendariaren El Club pelikula txiletarraren eskutik. Eliza katolikoaren barneko sexu abusuak jorratzen ditu filmak, eta 2015eko Berlinaleko Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu du, besteak beste. Zinta honetan, lau apaiz baztertutako etxe batean bizi dira, euren parrokietatik at, ustezko sexu erasoengatik. Bosgarren bizilagun bat iristean, euren iragana begien aurretik igaroko zaie berriro. Pelikula indartsua da, gogorra, adimentsua eta konplexua, dramaren eta humore beltzaren artean dantzan dabilena. ‘El Club’ ostegunean ohiko zineklubeko ordutegian eskainiko da, 20:30ean, alegia.

Zine komertzialaren eskaintza larunbatean hasiko da, 19:30ean, Bendita Calamidad filmaren lehen emanaldiarekin. Gaizka Urrestik zuzendutako komedia astakirtena da, Carlos Sobera, Nacho Rubio eta Gorka Aguinagalde protagonista dituena. Aragoin arrakasta handia izan duenez, Espainia osoan estreinatu da azkenean. Zailtasun ekonomikoak dituzten bi anaiaren istorioa kontatzen du; abokatu batek enpresari dirudun bat bahitzeko konbentzitzen ditu, baina nahastu eta obispo bat bahituko eta Moncayora ihes egingo dute. Pelikula eroa da ‘Bendita Calamidad’, surrealista eta entretenigarria, ikus-entzuleei barrea eragitea beste asmorik ez duena. Larunbataz gain, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere izango da ikusteko aukera.

Asteburuko bigarren filma David O. Russellek zuzendutako Joy da. Jennifer Lawrence, Robert de Niro, Bradley Cooper edota Isabella Rossellini bezalako aktore handiek hartzen dute parte biopic ikusgarri honetan. Joy Mangano langile xumea Estatu Batuetako teledendako aurpegirik ezagunenetako bat izatera iritsi zen haren asmakizun bereziei esker. Melodrama eta umorea uztartzen ditu filmak, ikus-entzuleek uneoro arreta mantendu dezaten. Pertsona geldiezin, indartsu bezain ahul baten arrakasta, porrota eta erredentzioa erakusten dizkigu ‘Joy’k. Pelikula horri esker, Jennifer Lawrence emakumezko aktore onenaren saria jasotzeko faboritoetakoa da. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da filma ikusteko aukera.

Igandeko haurrentzako saioari dagokionez, 17:00etan hasiko da The Snow Queen, Hans Christian Andersenen ipuinetan oinarritutako animaziozko pelikula ederra. Euskaraz emitituko da filma.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan