Oscarretarako bost izendapen dituen 'La gran apuesta', asteburuko zine eskaintzako protagonista
Ermua Antzokiak zinerik onena eskaintzen jarraitzen du, eta asteburu honetan lau pelikula berriz gozatzeko aukera izango dugu gure herrian.
Ostegunean Paolo Sorrentino zuzendari italiarraren La Juventud filma eskainiko da ohiko zineklub saioan. Michael Caine, Harvey Keitel, Rachel Weisz eta Jane Fonda aktoreak ditu protagonista, eta zine europarraren sarietan pelikula onenaren, zuzendaritza onenaren eta gizonezko aktore onenaren (Michael Caine) sariak jaso ditu. Fred Ballinger erretiratutako orkestra zuzendari famatua aurkezten du filmak, aspaldiko lagun batekin Alpeetako hotel batera joan dena oporretara. Bertan, eszenatokietara itzultzeko eskaintza tentagarri bat egingo diote, Buckingham jauregian ospatuko den Felipe printzearen urtebetetzearen aitzakian. Laguntasuna goratzen du pelikula eder honek, modu liluragarrian eta emozioz beteta. "La Juventud" ostegun honetan emitituko da, jatorrizko azpititulatutako bertsioan, 20:30etik aurrera.
Zine komertzialeko programazioa larunbatean hasiko da, 19:30ean, No es mi tipo filmaren lehen proiekzioarekin. Amorezko komedia azkar eta atsegin honetan, Clement filosofia irakasle paristarra ezagutuko dugu. Hiri batera joango da lanera, eta bertan ile-apaintzaile eder bat ezagutzean, harekin maiteminduko da. Gai izango ote da banantzen dituzten oztopoak gainditzeko? Pelikula dibertigarria da, gogoetarekin uztartuta, eta bereziki azpimarragarria da Emilie Dequenne aktorearen lana. "No es mi tipo" larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ikusi ahal izango da.
Asteburuko beste pelikula aurtengo Oscar sarietarako faboritoen artean dago. Adam McKay zuzendariaren La gran apuesta da, eta bost izendapen ditu aipatu sarietarako, tartean, pelikula onena eta zuzendari onena. Aktore-sorta ikusgarria du pelikulak; bertan ikus daitezke Brad Pitt, Marisa Tomei, Christian Bale, Ryan Gosling eta Steve Carell, besteak beste. Benetako istorio batean oinarrituta dago: finantza krisiaren unerik gordinenean, lau gizonek banku handiei aurre egitea erabaki zutenekoa. Pelikula aparta da, eta duen umorea denboraldi honetako sorpresa handienetakoa izan da. Gizartearen kritika eta ironia maisuki uztartzen ditu, eta ez galtzeko moduko filma da. "La gran apuesta" larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Azkenik, igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera Pesadillas 3D ikusteko aukera izango da. Komedia beldurgarria, energiaz betea, Jack Black aktore dibertigarria protagonista duena. Pelikula hau zazpi urtetik aurrerakoei zuzenduta dago.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu