Aniztasun sexualari buruzko istorioa etxeko txikienentzat
“Zapatila gorridun mutikoa” antzezlana izango dugu larunbat honetan Ermua Antzokian. Sei urtetik gorako neska-mutilei zuzendutako lana da, eta oso-osorik euskaraz antzeztuko da.
Mutilei gustatzen omen zaizkien gauzak egitea atsegin ez duen mutikoa da istorio bitxi honetako protagonista. Berak nahiago du loreak biltzea, margotzea, soka-saltoan aritzea, ganbaran topatutako arropa zaharrekin mozorrotzea eta rock izar baten modura abestea. Urteak aurrera joan ahala, mutikoa gazte atsegin eta ameslaria bihurtuko da; gero, heldua izan eta maitasuna aurkituko du, eta azkenean, zahartzarora iritsiko da barre eginda, sufrituta, maitatuta, negar eginda eta amestuta.
Garbi Losadak sortu eta zuzendutako obra berezi honen helburua txikitatik aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetuan eta tolerantzian laguntzea da. Hirurogei minututan zehar, Txori Garcia Ruiz, Ion Barbarin eta Montse Zabalza aktoreek hiru pertsonaia antzeztuko dituzte, etxeko txikiei arratsalde entretenigarria eskaintzeko.
Antzezlana bihar arratsaldeko 17:00etan hasiko da Ermua Antzokian. Sarrerak lau euroren truke daude salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean edota, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.
Lotutako albisteak
‘Aro berria' zineklubean eta ‘Abuela tremenda' haurrentzat, programazioaren beste proposamenak
Ez dago sarrerarik eskuragarri, guztiak saldu direlako
‘Frontera’ eta ‘Rondallas’ dira programazioaren ardatz; zinelubean ‘Father, mother, sister, brother’ eta haurrentzako saioan ‘200% Wolf’ emango