'El Renacido' eta 'Sufragistas' filmeekin hasiko da martxoko zine programazioa

01.03.16
Ermua Antzokia

Ostegun honetan ekingo diogu martxoko zine programazioari, eta Oscar sarien kutsua nabaria izango da lehen erdian. Hilero bezala, zine komertzialerako eta zine-klub saioetarako bonoa salgai dago, eta film bakoitza 1,2 euroren truke ikusteko aukera izan dezakegu. Oraingoan, 15,6 euro balio du bonoak, eta jada eskuratu daiteke Lobianon nahiz Ermua Antzokiko leihatilan.

Asteko programazioa ostegunean hasiko da, ohi bezala, zineklub saioarekin, eta Carlos Martín zuzendari espainiarraren Reverso filma eskainiko da. Alex eta Marcos aspaldian ikusi ez diren bi anaia dira, eta biek sekretuak eta mendeku gosea dituzte. Iván Hermes, Raúl Mérida eta Elena Ballesteros aktoreak dira protagonista, eta belaunaldi gazteen lana bertatik bertara ezagutu eta Espainiako zine independentera gerturatzeko bide ona da ‘Reverso’. Ongi neurtutako thrillerra, sakona eta sinesgarria. Filma ostegunean 20:30ean emitituko da.

Zine komertzialari dagokionez, larunbatean 19:30ean El Renacido filmaren lehen proiekzioa izango da. Alejandro González Iñarritu zuzendariaren azken pelikula Oscar sarietako garaileetako bat izan da: zuzendari onenaren sariaz gain, besteak beste, gizonezko aktore onenarena jaso du Leonardo DiCapriok; bere lehenengo Oscarra, bost izendapenen ostean. Filmak kontatzen duen moduan, esploratzaile bat zaurituta uzten du taldekide batek Amerika basatian. Lurralde arrotz horretan biziraun eta mendekua lortzea izango du helburu. Pelikula hunkigarria da ‘El Renacido’, oso ikusgarria –argazkilaritza onenaren Oscarra ere irabazi du–. Abentura, teknika, drama eta edertasuna uztartu dira pelikula ikaragarri honetan. Filma larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna gertu dagoela kontuan izanda, asteburuko beste filma Sarah Gavrón zuzendari britainiarraren Sufragistas izango da. Mundu guztian berdintasuna lortzeko gero eta handiagoa den emakume talde baten borroka nekaezina azaltzen du pelikulak. Carey Mulligan, Helena Bonham Carter eta Meryl Streep ditu protagonista zinta ausart eta indartsu honek, eta ikus-entzuleak hunkitu egingo ditu. Kontatzen duen balentriaren maila artistiko berean dago filma. Larunbatean 22:15etatik aurrera eskainiko da –ohi baino ordu laurden beranduago, ‘El Renacido’ filmaren luzera dela eta–, eta igandean, aldiz, 19:30ean.

Azkenik, igandeko haurrentzako saioan Robots: la invasión pelikula eskainiko da. Zazpi urtetik gorako neska-mutilentzat zientzia fikzio eta abentura dosi ederra 17:00etatik aurrera.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Ermua Antzokiaren mikrositea kontsultatu daiteke.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan