Cien años de perdón eta Brooklyn, asteburu honetan Ermua Antzokian
Zinez beteriko beste aste bat hasiko da ostegunean Ermua Antzokian. Ohiko zineklub sesioak bat egingo du urteroko Laburbira euskarazko film laburren zikloarekin. Aurtengo programa, ekimenaren hamahirugarrena, 8 film laburrek osatzen dute, eta Euskadin euskarazko zinemaren munduan lehen pausoak ematen ari diren pertsonen lanak ikusteko aukera izango da bertan.
Eskainiko diren ikus-entzunezkoen artean dago Ane Urkiola zuzendari eibartarraren “Zea Bingo”. Urkiola bera Antzokian izango da, eta lan guztiak proiektatu ostean, nahi duen edonork berarekin hitz egiteko aukera izango du. Laburbira zikloa bihar 20:30ean hasiko da.
Larunbatean ekingo zaio zine komertzialaren programazioari Brooklyn filmarekin. Pelikula irlandarra da, eta Oscarretarako hiru izendapen lortzeaz gain, Bafta prestigiotsuetan film britainiar onenaren saria eskuratu du. John Crowleyk zuzenduta, Saoirse Ronan aktore aparta du protagonista, eta itxura klasikodun pelikula da, maitasuna eta drama modu eraginkorrean uztartzen dituena. 50. hamarkadako Brooklynen bere bidea aurkitzen saiatzen den neska gazte irlandar baten istorioa kontatzen du. Neskatoak bi herrialdeen eta bakoitzeko bizimoduaren artean aukeraketa egin behar duela sentitzen du. "Brooklyn" larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean eskainiko da.
Asteburuko beste pelikula Daniel Calparsororen Cien años de perdón thriller arrakastatsua izango da. Luis Tosar, Raúl Arévalo, Rodrigo de la Serna eta José Coronado aktoreak dira protagonista. Goiz euritsu batean, sei gizonek Valentziako banketxe bateko egoitzan lapurreta egiten dute. Lan azkarra eta garbia, itxuran, baina segurtasun kameretan ezkutatutako sekretu bat aurkituko dute. Tentsioz, emozioz, akzioz eta ikuskizunez betetako pelikula da "Cien años de perdón", eta thrillerra eta gizarte salaketa uztartzen ditu. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean proiektatuko da.
Azkenik, igandean 17:00etatik aurrera, pelikula oso berezi bat eskainiko da haurrentzako saioan. El niño y el mundo animaziozko film brasildarrak hitzik gabe utzi ditu mundu guztiko kritika eta zinema jaialdi espezializatuak. Fotogramaz fotograma landua, haurren irudimena pizteko asmoz, film mutua da eta irudiekin soilik kontatzen dira istorioa eta batzen dituen sentimenduak.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Ermua Antzokiaren mikrositea ikus daiteke.
Lotutako albisteak

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu